Peter Habeler alpinisteari emongo deutsie WOP Saria
2017-10-23 10:20 KultureaMendizaletasunaren balioak erakusteagaitik egingo deutse gorazarre Mendi Film Festival-en barruan.
Walk On Project (WOP) Fundazinoak Peter Habeler austriarraren ibilbidea nabarmentzea erabagi dau, Bilboko Mendi Film Festival-en 10. edizinoaren barruan WOP Saria emonaz. Ekitaldi berezia egingo dabe abenduaren 16an, jaialdiaren azkenaurreko egunean.
Fundazinoko kideek gogoratu dabenez, Peter Habelerrek eta Reinhold Messnerrek alpinismo modernoaren ateak zabaldu zituen 1978an, Everesteko tontorrera oxigenoaren laguntzino barik heldu ziranean. Alpinismoaren baloreak (ahalegina, talde-lana eta abar) defendiduten eta zabaltzen Habelerrek egidako lana txalotu dau WOP Fundazinoak.
Kontuak kontu, abenduaren 16ko ekitaldian, Peter Habeler izenburuko filma proiektauko dabe, Mendi Film Festivalaren Sail Ofizialaren barruan. 75 urte bete dituala eta, Habelerrek egindako ekarpenari errepasoa egiten deutso pelikuleak. Behin proiekzinoa amaituta, Juanjo San Sebastian euskal mendizaleak eta Habelerrek berak barriketalditxua egingo dabe eta, amaitzeko, WOP 2017 Saria emongo deutsie austriarrari.
Gaixotasun neurodegeneratiboen inguruko kontzientzia gizarteratzea eta alor horretako ikerkuntzeari laguntzea da WOP Fundazinoaren helburu nagusia. Fundazinoaren eta hainbat mendizaleren ikuspegiak bat datozala ikusita, jarduera alpinistikoagaz lankidetza ugari izan ditu fundazinoak urteotan, esaterako oraintsu amaitutako WOPeak proiektua. Bilboko Mendi Film Festival jaialdiaren ohiko babeslea be bada, eta alkarlan horren barruan dago WOP Saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!