Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, Bertsokabi lehiaketako finalista
2017-10-23 10:12 BertsolaritzeaBarañaingo azken finalaurrekoa irabazi dau bikoteak.
Bertsokabi-Eugenio Arraiza sariketearen aurtengo edizinoko hirugarren eta azken kanporaketea jokatu da Barañaingo Lanabe aretoan, 80 zaleren aurrean. Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik bikote indartsua osotzen dabela erakutsi dabe, publikoaren artetik aukeratutako bost epaileen eretxia aintzat hartu ezkero.
Beste bi bikote izan ditue aurrez aurre Barañainen: Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza batetik; Saats Karasatorre eta Unai Artieda bestetik. Azkenean, baina, Elizagoien eta Illarregi aukeratu ditu epaimahaiak finala jokatzeko. Bakarkako lanak zein bikoteko kide biek batera egin beharrekoak tartekatu ditue eta, ariketa berezienen artean, minutu bateko segidillea kantetakoa egon da. Pertsonaia ezkutua asmetako jokoa, tabu jokoa eta abar be egon dira. Koplak abesten biribildu dabe saioa hiru bikoteek.
Horrenbestez, urriaren 26an jokatuko dan finalean izango dira Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi. Hitzordua Iruñeko Arrano alkartean izango da, 19:30ean hasita. Beste bikote finalista biak honeek dira: Alazne Untxalo-Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi-Ekain Alegre. Gai-jartzailea Ainhoa Larretxea izango da.
Nafarroako bertsolari gazteei jentaurrean kantetako aukerea emoteaz gan, Iruñerriko publikoa bertsozaletzeko helburua dau sariketeak. Era berean, Eugenio Arraizari (1936-2015) gorazarre egin nahi deutso Nafarroako Bertsozale Alkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzearen eta euskalgintzearen alor ugaritan ibili zan Arraiza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!