'Infrasoinuak' abestia plazaratu dau Berri Txarrak-ek

Bizkaie! 2017-10-19 08:42   Musikea

Zemendian etorriko dan izen bereko diskoaren aurrerapena da.

Hiru urte joan dira Berri Txarrak taldeak Denbora da poligrafo bakarra diskoa atera ebanetik. Harrezkero, hara eta hona ibili dira, proiektu barrietan sartuta, Euskal Herrian zein kanpoan kontzertuak emoten... Abesti gehiago sortu eta disko barria atontzeko astia be izan dabe eta laster ikusiko dau argia lan horrek.

Taldekideek aurreratu dabenez, zemendiaren 24an etorriko da disko barria eta Durangoko Azokan, abenduaren 9an, egingo dabe aurkezpen nagusia. Infrasoinuak izenburua izango dau Berri Txarrak-en album barriak eta Only in Dreams zigilupean aterako dabe. Nafarroako bandearen 9. estudioko diskoa izango da.

Bill Stevensonegaz ibili dira berau sortzen. Musikari, produktore eta teknikari kaliforniarragaz aurretik be lan egindakoak dira Berri Txarrak-ekoak eta, grabazinorako, Estadu Batuetara joan ziran uda partean, The Blasting Room estudioetara. The Descendants taldeko bateria jolea dan ezkero, Bill Stevensonek punk estiloa landu dau gehienbat, eta produktore lanetan be, punk taldeen lanakaz egin dau behar, baita metal alorreko batzukaz be. Beraz, Berri Txarrak-en estiloagaz bat dator. Jason Livermore be ibili da diskoa produziduten.

Kontua da, disko barriaren aurrerapen legez, dagoeneko entzungai dagoala bertako kantuetako bat; Infrasoinuak da izenburua, diskoarena moduan, eta datorren hilean plazaratuko daben lan barriaren nondik norakoak igarri ahal izango ditue Berri Txarrak-en zaleek.

Entzun Infrasoinuak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu