Europako eta Amerikako taldeak, Galdakaoko Musika Bizian jaialdian
2017-10-18 08:21 MusikeaUrriaren 27an eta 28an, bost kontzertu eta jarduera osogarri ugari eratu ditue.
Estadurik bako nazinoen folk jaialdiak, Musika Bizian-ek, laugarren edizinoa beteko dau aurten. Munduko hainbat txokotatik etorritako doinuek hartuko dabe Galdakao urriaren 27ko eta 28ko emonaldiei esker. Aurten lehenengo aldiz, Ameriketako talde bat konbidau dabe, Quebeceko Yves Lambert trio hain zuzen be. Galesko, Sardiniako eta Euskal Herriko taldeak be egongo dira.
Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputaduak, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, Alberto de Felipe Andra Mari Dantza Taldeko presidenteak eta Jon Gomez Garai talde horretako musikariak aurkeztu dabe Musika Bizian jaialdiaren laugarren edizinoa, Galdakaon egindako ekitaldian, izan be, Andra Marik antolatzen dau urtero hitzordua, Foru Aldundiaren eta Udalaren laguntzinoagaz.
Yves Lambert Triok zabalduko dau jaialdia barikuan, urriaren 27an, gaueko 21:30ean. Yves Lambert, Quebec-eko musikearen ordezkari nagusi eta La Bottine Souriante kultuzko taldeko kide ohia, Tommy Gauthierregaz eta Olivier Rondeaugaz batera igongo da agertokira, Galdakaoko Iturrondo plazan. Ostean, euskal folk-rocka lantzen dauen Huntzak joko dau. Seikote gazteak zuzenean eskainiko ditu Ertzetatik disko barriko kantak.
Zapatuan, urriaren 28an, hiru taldek joko dabe Galdakaon. Andrea Pisu eta Vanni Masala dira Fantafolk taldeko kideak, Sardiniako antxinako musikearen barri emongo dabe antxinako tresna berezi bi erabilita (launeddas eta organetto izenekoak). Gero, Calan boskotearen Galesko erritmoak helduko dira. Talde gazte hori Bethan Rhiannon, Patrick Rimes, Angharad Jenkins, Alice French eta Sam Humphreys musikariek osotuten dabe. Jaialdia Hesian talde nafarrak biribilduko dau.
Egitarau nagusiagaz batera, kale-animazinoa be egongo da barikuan eta zapatuan. Fanfarriek kalejirea egingo dabe, 19:30ean Iturrondo Plazan hasita. Barikuan, urriaren 27an, Ardoa Barrura txaranga bilbotarraren musikeak alaituko ditu Galdakaoko kaleak, eta zapatuan, NKT, Nafarroa Kanta Taldeak.
Jarduera osogarrien artean, euskal musika tresna tradizionalen inguruko erakusketea aitatu ldaiteke, baita zapatu goizeko kale-animazinoa be, EinGo taldearen eskutik. Luthier azokan, herritarrek instrumentu tradizionalak zelan egiten diran ikusi eta ezagutzeko aukerea izango dabe.
Musika Bizian jaialdiko kontzertu eta jarduera guztiak dobakoak dirala azpimarratu dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!