Jon Azpillaga omenduko dabe Xalbador Egunean
2017-10-17 13:19 BertsolaritzeaUrriaren 21ean eta 22an ospatuko dabe jaia Urepelen.
Orain dala hamalau urte, Deiadarra alkartea Fernando Aire Etxart, Xalbador, bertsolariari gorazarre egiteko asmoz, Xalbador Eguna atontzen hasi zan Urepelen, bere jaioterrian.
Aurtengo jaialdian, barriz, Xalbador bera ez eze, Jon Azpillaga be gogoan izango dabe Nafarroa Behereko herrian. Bizkaiko bertsolaria joan dan zezeilean hil zan 81 urte zituala. Azpillaga Pasaian jaio bazan be, umetatik bizi izan zan Berriatuan. Xalbadorren oso lagun ona zan eta askotan konpartidu eben plazea, Lopategi eta Mattinegaz batera.
Egun bi iraungo dau Xalbador Eguna jaiak eta ekitaldi mordoa atondo ditue. Urriaren 21ean, esaterako, 20:30ean kontzertua izango da eleizan, Estitxu Sistiaga, Nikole Baqueriza eta Mikel Urdangarin musikarien eskutik. 22:30ean, barriz, afaria egingo dabe Ezker Paretan.
Goizean goizetik emongo deutsie hasierea hurrengo egunari: goizeko 9:00etan mendi ibilaldi bat egingo dabe Urepel eta Xalbadorren etxolea ezagutzeko. Horren ostean, Jose Mari Iriondo kazetari eta Deiadar alkarteko kideak Jon Azpillagaren ganeko berbaldia eskainiko dau eskolan. Bilboko Salbatzaile jantza taldeak, bere aldetik, giroa alaituko dau 11:30ean. Herri Kirolak be izango dira bigarren egunnean, 13:00ean. Bazkalostean bertso-saioa egingo dabe Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Joan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategiren eskutik. Eguna erromeria eta trikitilariakaz amaituko da 17:30ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!