Europara datozan etorkinen errealidadea aztertuko dau Zinexitek
2017-10-09 13:04 ZinemeaGiza Eskubideen Zinemaldiaren aurretik, Mediterránea filma proiektauko dabe Bilboko Azkuna Zentroan.
Alkarbizitzarako Zinema Erakusketearen, Zinexiten, zortzigarren edizinoa zemendian egingo dabe Bilbon, baina horren aurretik dobako saio berezia antolatu dabe martitzenean, urriaren 10ean. Jonas Carpignano italiarrak zuzendutako Mediterránea pelikulea ikusi ahal izango da eta barriketaldia egongo da ostean. Izan be, aurtengo edizinoaren ardatza gatazketatik igesi Europara heldu nahi daben migranteak dira. Pil-pilean dagoan gaia dan ezkero, Europa guztiaren erantzunkizuna dan arazo hori begien bistara ekarri nahi dabe antolatzaileek.
Gerratik eta bidebakokerietatik iges egiten dabenei begiratu deutsegu, azaldu dau Monika Hernandok, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak. Mediterraneoa gizakien hobi komuna bihurtzen dagoan bitartean, Europa ez da gauza giza eskubideak eta personak erdian ipinteko, beti atxakien bila dabiz agintariak, salatu dau Hernandok.
Bere ustez, Zinexit funtsezkoa da halako gaiak gizarteratzeko: Zinema tresna aproposa da, enpatiarako, gogoetarako eta pentsamolde kritikorako bidea zabaltzen dauelako. Hain zuzen be, Europara heldu guran dagozan etorkinen egoera latza bikaini erakusten dauen pelikulea aukeratu dabe urriaren 10eko saiorako.
Mediterránea film errealistea da, kontetan dan guztia benetan jazotakoa da. Burkina Fasotik Europara heldutako Ayiva eta haren lagun Abas dira protagonistak. Dokumentalean bidaia guztia ikusten da, profesionalak ez diran aktoreen eskutik eta benetako kokapenak erabilita. Zenbaki eta albiste hotzen atzean dagozan gizon-emakumeak erakustea izan da Jonas Carpignanoren asmoa. Cannesko zinemaldian kritika bikainak egin eutsiezan.
Proiekzinoa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Azkuna Zentroko Golem aretoetan. Leihatilan hartu behar da sartzeko dobako konbidapena. Filma ikusi eta gero, barriketaldia egongo da eta ikusleek aukerea izango dabe Leila Nachawati protagonistagaz berba egiteko. Giza Eskubideetan, Hurreko Ekialdeko zein Afrika iparraldeko gaietan eta komunikazinoan aditua da Nachawati.
Gu eta besteak kontzeptuak gero eta gehiago erabilten dirala salatu dau Nachawatik, Zinexit aurkezteko ekitaldian, eta hori komunikabideen bidez eregiten dan bereizketea dala dino. Mediterránea pelikuleak, ostera, horren kontrako begiradea bultzatzen dauela adierazo dau: Enpatia eta alkartasuna bultzatzen ditu, bestea dagoan lekuan zergaitik dagoan ulertzen laguntzen dau. Ganera, kontestua emoten dau, Nachawatiren ustez, jazoten dabilen guztiaren zergaitiak azaltzen ditualako, jatorrizko herrialdeetatik hasi eta Europaren jarreraraino.
Urriaren 10eko proiekzino hori, beraz, Zinexiten aurrerapen moduko bat izango dala azaldu dau Monika Hernandok, Zinexit Topaketak izenburupean egingo dana. Orain dala hiru urte ipini eben martxan ziklo hori, Zinexiten atariko legez. Jaialdia bera zemendiaren 6tik 9ra egingo dabe aurten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!