Basque Music ekimena Monkey Weed jaialdian izango da
2017-10-09 12:30 MusikeaWillis Drummond, Tooth eta Niña Coyote eta Chico Tornado euskal taldeek joko dabe Sevillako agertokietan.
Euskal musikea atzerrian zabaltzeko Basque Music plataformeak aurten be hartuko dau parte Monkey Weed jaialdian. Sevillan izango da urriaren 12tik 14ra bitartean. Jaialdiak bederatzi urte bete ditu eta egoitzea aldatu ondoren Andaluziako urian egiten dan bigarren aldia izango da. Bertan, Basque Music-ek sustatutako showcasea eskainiko dabe Willis Drummond, Tooth, eta Niña Coyote eta Chico Tornado Euskal Herriko taldeek.
Izan be, Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Soinuak-ek (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailekoak) bultzatzen dabe ekimena eta honek hitzarmenak egin ditu hainbat azoka eta jaialdigaz, aurten be Euskal Herriko musikea euren programazinoetan sartzeko. Azaldu dabenez, hitzarmen horreetako baten ondorioz dator Sevillako parte-hartzea.
Monkey Week musika independentearen erakusleihorik onenetakotzat joten dabe askok. Kontzertu eta jardunaldi profesionalakaz batera, Monkey Market izeneko espazioa be atontzen dabe, enpresen arteko komunikazinoa bultzatzeko, negozio-lerroak sustatzeko eta sektore honetako eragileen arteko sinergia ahalbidetzeko. Eremu horretan bertan jarriko dau Basque Music-ek bere standa, Euskal Herriko musikeagaz loturea daben sektoreen ganeko informazinoa emoteko.
Kontzertuei jagokenez, Willis Drummond, Tooth eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen emonaldia urriaren 13an, barikuan, izango da Santa Clara espazioan (Arnette agertokian), 18:15etik aurrera. Iparraldeko taldea arduratuko da showcaseari hasierea emoteaz, eta gero Gernikako taldea igongo da oholtzara, 19:30ean. Azkenik, Gipuzkoako bikoak emongo deutso amaierea, 20:45ean.
Showcase bateratu hori eskaintzeaz gan, hiru taldeok Monkey Week-eko beste agertoki banatan be joko dabe. Niña Coyote eta Chico Tornado taldea eguenean, urriaren 12an, agertuko da Hercules zumardiko The Happy Place X-en, 22:15ean; zapatuan, hilaren 14an, Willis Drummond-en txandea izango da, Holiday aretoan, 21:00etan; eta egun horretan bertan emongo dau Tooth taldeak bere emonaldia Fun Club-AIE agertokian, 23:15ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!