Amuriza eta Ibarzabal bizkaitarrak, finalaurrekoetara

Bizkaie! 2017-10-09 13:00   Bertsolaritzea

Zallan eta Zumaian jokatutako saioak irabazi ditue, hurranez hurran.

Miren Amuriza, Zallako saioan, atzean Abasolo eta Enbeita dituala (argazkiak: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaitar gazte bi izan dira asteburuko protagonistak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Zapatuan, Zallan, Miren Amurizak irabazi eban saioa eta, domekan, ostera, Nerea Ibarzabal izan zan onena. Hartara, finalaurrekoetarako txartel zuzena lortu eben biek.

Zallako Mimetiz pilotalekuan 650 zale inguru batu ziran, lau bizkaitar, arabar bat eta lapurtar bat zituan kanporaketea entzuteko. Alde nabarmenagaz irabazi eban Miren Amuriza berriztarrak, 700,5 puntu batuta. Zemendiaren 12an Durangon jokatuko dan finalaurrekoan kantauko dau, dagoeneko sailkatuta dagozan Aitor Mendiluze eta Oihana Iguaranegaz batera.

Amurizaren atzetik, Jone Uria algortarra geratu zan bigarren 662 puntugaz, eta Odei Barroso izan zan hirugarren (650). Onintza Enbeita (640,5), Eneko Abasolo Abarkas (615,5) eta Oihane Perea (591,5) be Zallan izan ziran.


Domekan, Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatu zan final laurenetako kanporaketea

Nerea Ibarzabalek, 698,5 puntu batuta, lehenengo lekua eskuratu eban, 700 zaleren aurrean egindako saioan. Beraz, zemendiaren 4an Maule-Lextarren jokatuko dan finalaurrekoan kantauko dau markinarrak, aurretik sailkatuta egon dan Beñat Gaztelumendigaz batera.

Zumaian, bigarren lekuan amaitu eban Nahikari Gabilondok eta hirugarren Miren Artetxek, biak 661,5 puntugaz bardinduta. Laugarren Arkaitz Oiartzabal Xamoa izan zan (627,5), bosgarren Asier Otamendi (617,5) eta seigarren Ibon Ajuriagojeaskoa (616).

Hurrengo final laurena, azkena, Tolosan jokatuko da, zapatuan, hilak 14. Fase honetako bertsolarien puntukako behin betiko sailkapena egin ahal izango da saio horren ostean, eta onenek finalaurrekoetan kantauko dabe, final laurenetako sei irabazleakaz batera. Tolosan Beñat Lizasok, Eneko Lazkozek, Etxahun Lekuek, Jon Maiak, Maddalen Arzallusek eta Xabat Galletebeitiak igongo dabe oholtzara.

Nerea Ibarzabal, Zumaian

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu