Rober Gutierrez: 'Hizkuntzak arretaz kudeatu behar ditue enpresek'

Dabi Piedra 2017-10-09 13:50   Barriketan

Enpresen munduan euskerea gero eta gehiago erabilteko bidean, ezinbesteko tresna bihurtu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkartea. 2000. urtetik martxan dago ziurtagiria, baina 2007ra arte ez zan sortu berau bultzatzeaz arduratzen dan erakundea. Beraz, hamargarren urteurrena ospatzen dabiz egunotan Bai Euskarari Ziurtagiriaren Alkartekoak; Bai Euskarari Sariak banatzeko ekitaldian, urriaren 6an, egin eben ekitaldi nagusia. Bide batez, Zergatik dendak, Miren Fuldain farmaziak, Joxemari Sors eta Jon Jaka saritu zituen.

Rober Gutierrezek alkartearen hamar urteotako ibilbidearen balantzea egin deusku, ziurtagiriaren zereginak eta erronkak azaltzeaz ganera. Enpresen mundua euskalduntzeko bidean oraindino egiteko asko dagoala onartu dauen arren, denda eta konpainia batzuek euren borondatez egiten daben ahalegina azpimarratu dau.

 

1.- Bai Euskarari Ziurtagiria 2000tik dago martxan. Zergaitik erabagi zenduen orain dala hamar urte Ziurtagiriaren Alkartea sortzea?

Ziurtagiria testuinguru jakin baten sortu zan 2000n, Bai Euskarari kanpainea bultzatu eban sasoi haretan Kontseiluak eta, horren ondorioz, Bai Euskarari Akordioaren Plan Estrategikoa etorri zan. Ziurtagiria tresna bat da, plan horretan jasoten ziran neurriakaz bat egiten eben entidadeak identifiketako. Kontseiluaren barruan urte batzuetako bidea egin eta gero, Kontseiluko zuzendaritzeak ikusi eban ziurtagiria neurri handia hartzen hasi zala, eta kezka bat planteau eban: Arlo sozioekonomikoan euskerea normalizetea ez jagoko bakarrik euskalgintzeari, bestelako entidade batzuk be inplikau behar zirala pentsau zan, hau da, administrazinoa, sindikatuak, enpresak eta abar. Horregaitik urten eban Kontseiluaren egituratik Bai Euskarari Ziurtagiriak, eta erakunde autonomo baten ardurapean jarri zan. Beste eragile batzuk proiektu honetan inpliketako sortu zan gure alkartea 2007an.


2.- Hamar urte joan dira harrezkero, zer moduz joan dira urteok?

Egunotan, urteurrena dala eta, atzera begira gabiz, lortu doguna errepasetan. Nire ustez, funtsezkoa da azpimarratzea Bai Euskarari Alkartea sortu zala ziurtagiria kudeatzeko, baina garapen bat egon dala urteotan, egiteko moduetan aldaketak egon dira eta proiektu barriak abiatu doguz: Enpresarean, Lansarean eta oraintsu Araban martxan jarri dogun Lanabes. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen dabiz horreek proiektuok. Gure helburua alor sozioekonomikoan eragitea da eta horretan gabiz lanean, daukaguzan tresna guztiakaz.


3.- Alor sozioekonomikoan euskerearen erabilerea bultzatzea da zuen helburua. Zer da, zehatz esanda, alor hori?

Batez be enpresen munduan ibilten gara. Era guztietako entidadeakaz lan egiten dogu, saltokiakaz eta abar, eta alor horretan dagozan esparru guztietan gabiz lanean gure proiektuen bitartez. Bilatzen doguna da, lanean emoten dogun denpora horretan euskerearen presentzia gero eta handiagoa izatea, kontsumo hartu-emonetan euskerearen presentzia bermtzea... Alkartea sortu zanetik hiru gogoeta estrategiko egin doguz eta danetan nabarmendu dogu alor sozioekonomiko hori dala gure helburu nagusia. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez euskerearen aldeko lanean hasi diran enpresek gero eta urrats handiagoak egitea bilatzen dogu. Euskerea erabiltea euren irudi korporatiboan, edo komunikazinoan, edo enpresearen barruan... Gure baliabideakaz bide hori erraztu nahi dogu.


4.- Enpresen barruko komunikazinoa, hau da, beharginen arteko hartu-emonak, batetik. Bestetik, enpresek bezeroari arretea euskeraz emoten ete deutsien. Bereiztu beharreko atal bi dira?

Biak dira garrantzitsuak, baina bakotxak erritmo bat euki leike. Dana dala, lehenik eta behin, enpresek ulertu behar dabena da hizkuntzena arretaz kudeatu beharreko gaia dala, Euskal Herriko enpresa gehienetan hori ez dabe kontuan hartu orain arte. Behin horretaz jaubetuta, badago barrurako egin behar dan lan bat, eta kanporako beste bat. Gure esperientziatik ikasi dogunez barruko komunikazino horretan eragitea gatxagoa da, denpora luzeagoa behar da hor euskerea sartzeko. Errazagoa da, esaterako, kanpora begira, bezeroentzat adibidez, ateratzen dan materiala euskeraz be sortzeko pausua egitea, edo bezeroen aurrean egoten diran beharginak euskaldunak izatea.


5.- Eguneroko bizitzako beste alor batzukaz alderatuta, hezkuntzeagaz esaterako, enpresen eta lanaren mundua atzerago doa euskalduntzeari jagokonez?

Erritmoak diferenteak dirala garbi dago. Sasoi baten ikaragarrizko ahalegina egin zan, batez be, hezkuntzearen alorrean, eta emoitzea hor dago, Euskal Herriko ume gehienak eredu euskaldunetan dabiz gaur egun. Unibersidadean be euskeraz ikasteko aukerea daukie eta, pixkanaka, Lanbide Heziketea be euskalduntzen hasi da. Baina lan esparrura salto egiten dabenean, eten bat dagoala ikusi dogu. Urteotan hezkuntzan egindako inbersinoak ez dauka segidarik lan munduan. Konpondu beharreko akatsa dala uste dot. Hor eragile asko inplikau beharko dira. Gure alkartea sortu zanean, oso argi geunkan euskalgintzeagaz batera beste aktore batzuk beharrezkoak dirala, danen inplikazinoa beharrezkoa da. Enpresen eta kooperatiben laguntzinoa behar da, sindikatuena, administrazinoarena... danok dogu zeresana eta bakotxak zer egingo dauen definidu behar dogu, bakotxaren erantzunkizun hori zehaztea da faltau dana.


6.- Gero eta enpresa gehiagok Bai Euskarari Ziurtagiria daukie. Sektore, tamainu eta jatorri ugaritako enpresak diran arren, danen arteko alkarlana bultzatzeko neurriak hartzen dozuez?

Ahalegintzen dira, gatxa dan arren. Argi daukagun helburua da sare hori sortzearena, hainbat ahalegin egin izan doguz, Bai Euskarari Ziurtagiria daukien enpresen eragina biderkatzeko. Orain arteko ahaleginik arrakastatsuena Enpresarean proiektuaren bidez garatu dogun sarea da, euskeraz lan egiten daben enpresen eta profesionalen arteko loturea sortzea beharrezkoa dala hasieratik ikusi genduan. Badagoz enpresak eta profesionalak hartu-emonetan ipinteko gune ugari, baina horreetan euskerea ez da gai zentrala. Enpresareanen horixe da bilatzen doguna. Enpresen eta profesionalen interesekoak diran egitasmoak bultzatu nahi doguz, esaterako azokak antolatzen doguz, azkena igaz.



7.- Bai Euskarari Ziurtagiria ez daukien enpresak erakarteko ze estrategia erabilten dozue?

Euskerearen onurak transmitiduten ahalegintzen gara. Ziurtagiria eskaintzen deutsegu, metodologia jakin bategaz, urratsak egin ahal izateko baliabideak be bai. Hortik aurrera, enpresa bakotxak erabagiten dau proiektu honetan sartzen dan ala ez. Ez dogu ahaztu behar, Bai Euskarari Ziurtagiria daukien enpresa guztiak euren borondatez hasi dirala urratsak egiten, inork ez ditu behartu. Enpresa batzuk, euren borondatez, ikaragarrizko urratsak egiten dabiz euskerea normaltzeko, hori be nabarmendu beharreko gauza bat da.



8.- Enpresek eta zuek egiten dozuen ahaleginari kontsumitzailearena be gehitu behar jako?

Bai, nik behin eta barriro aitatzen dot giltzarrietako bat norberak eragitea dala. Establezimendu batera joaten garenean, euskeraz kontsumiduten dodanean, hizkuntzearen auzi hori mahai ganean jarten nabil. Gaur egun, gaztelaniaz edo frantsesez bizi izateko modua badago, euskerea ezertarako be erabili barik, ez lan egiteko ez kontsumiduteko orduan. Orduan, pixkanaka, aldaketea eragin behar dogu, hori geure esku dago.



9.- Hamarkada bateko ibilbidea beteta, hurrengo urteetarako erronka zehatzik ipini deutsazue zeuen buruari?

Erronka bat baino gehiago doguz. Horreetako bat da Bai Euskarari Ziurtagiria daukienen komunidadea sendotzen eta zabaltzen segidutea. Alor sozioekonomikoan bestelako proiektu batzuk sortzeko bideak jartea be badala beste erronka bat esango neuke. Hor doguz Enpresarean, Lansarean ataria eta beste batzuk, ba era horretakoak sortzen eta partekatzen segidu behar dogu. Amaitzeko, badogu beste helburu bat: Administrazinoakaz alkarlana bultzatzen ahalegindu gara urteotan, batzuetan ondo urten dau, beste kasu batzuetan ez horrenbeste. Hortaz, erronkea da alkarlan horretan sakontzea, alor sozioekonomikoko beste eragileakaz lankidetzea bideratzea, gero eta eraginkorragoak izan gaitezan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa