Bigarren diskoa plazaratu dau Beñat Igerabidek
2017-10-06 13:41 MusikeaHamahiru abesti dakarz Geldialdi bakoitzean lanak.
Orbainak izeneko estreinako diskoa plazaratu eta hiru urtera, Beñat Igerabide kantariak Geldialdi bakoitzean (Elkar) izeneko bigarren hau aurkeztu dau, Donostian egindako prentsa agerraldian. Aurrekoa legez, Adunako Sonola estudioan grabau dau, eta Igerabide bera izan da kantu guztien sortzailea, interpretea eta teknikaria. Holan, abesti sorta erakargarri bat ez eze, lanaren ikuspegi integrala be eskaintzen dau. Prozesu osoan Beñaten inspirazinoa, talentua eta zehaztasuna agirian geratzen dirala dino Elkar diskoetxeak.
Oraingo honetan ziur eta ausart egiten dau aurrera Igerabidek, musikearen munduaren lainoetatik aurrera, goi mailako abestiak diseinau eta aireratuz, funk, rock, folk eta pop estiloetan guztiz eroso eta trebe, eta bere ahotsaren samurraz entzulea hur sentiarazoz, ganeratu dau Elkarrek.
Lehenengo diskoko kantuen intimismotik pixka bat urrundu eta danok izaten doguzan gogoeta eta sentimenduak batu ditu Igerabidek orain. Gainditu beharreko oztopoen aurreko ausardiaz, maitasunaren beharraz, natureagaz loturea egiteaz, alkartasunaz... berba egiten dau Geldialdi bakoitzean diskoko hamahiru abestietan. Bizitzan egiten dogun geldialdi bakotxa indarrak erabarritzeko erabili daigun, aldarrikatu dau egileak.
Beñat Igerabidek diskoko kantuak aurkeztuko ditu 2017. urtearen amaieran eta 2018an eskainiko dituan zuzeneko kontzertuetan. Urriaren 13an, Tolosako Bonberenean joko dau; 20an, Irunen; 27an, Donostiako Tabakaleran eta zemendiaren 3an, Villabonako Gurea aretoan. Honeek lagunduko deutsie biran: David Eturak (bateria eta ahotsak), Matthieu Harambourek (baxua), Peio Gorrotxategik (teklatuak) eta Gorka Urrak (gitarrea, ahotsak).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!