PI L. T. taldeak azken kontzertua eskainiko dau gaur Ezpeletan

Ainhoa Lores 2017-10-06 11:22   Musikea

EHZ Festibalari bultzadea emoteko asmoz igongo da gaur, oholtzara.

Maiatzaren 5ean iragarri eban taldeak sare sozialetan, hamabi urteko isilunearen ostean, barriro agertokietara igoteko asmoa eukala. Xanpe Drumalari, Aitor Abio, Rafa Rueda, David Gonzalez eta Txarlie Solano musikariek PI L.T. berbiztuteko ardurea hartu eben beraz, baina epe labur baterako bakarrik. Hilebete batzuk dira, musikeagaz disfrutetea helburu bakarra dauen abenturatxu honegaz hasi ginanetik, gure pasinorik handiena zuekaz konpartidu nahi geunke. Lan handia egin ostean, disfrutetako sasoia heldu jaken bai Mungiako taldeari eta baita zaleei be.

PI L.T. bost kontzertutako bira txiki bat egiteko batu zan: Lehenengoa Bilboko Kafe Antzokian eskaini eban, bigarrena, barriz, Tolosako Bonberenean, Iruñeko Totem Aretoa izan zan hurrengoa eta Gasteizko Jimmy Jazzen laugarrena. Gure sentipena ezin hobea izan da, eta zuen erantzunak aho zabalik itxi gaitu, autortu eban boskoteak jentearen harrera ona ikusita.

Bosgarren zuzenekoa Lekornen emon behar eban taldeak, bagilean ospatzen dan Euskal Herria Zuzenean Festibalean, baina eguraldiak ez eban lagundu eta jaialdia bertan behera lagateko erabagia hartu eben antolatzaileek. Boskotearen azken kontzertua izan behar zan hori eta ezin izan eben eskaini; halan da be, EHZri bultzada bat emoteko asmoz, kontzertua atzeratu eta gaur joko dabe Ezpeletan. Pena eta sabore txarrari bueltea emotera goaz. EHZ 2018an indartsuago bueltetako laguntzeaz gan, maiatzean hasitako itzulera labur honi behar moduko amaierea emongo deutsagu.

Ezpeletako emonaldian, Zea Mays eta Anestesia be izango dira. Merkadu Estalian da hitzordua, 19:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu