Mangamore jaialdia ospatuko dabe Zornotzan asteburu honetan
2017-10-04 12:17 KultureaKalathras youtuber ospetsua eta Japoniako turismo-bulegoko managerra izango dira konbidadu nagusiak.
Japoniako kulturea eta mangako zaleak barriro be batuko dira Zornotzan barikutik domekara. Mangamore jaialdiaren hamaikagarren edizinoaren barruan ehun jarduera baino gehiago programau ditue: tailerrak, musika-emonaldiak, txapelketak, bideo-jokoak, umeentzako jarduerak, etab.
Edizino honetan, Kalathras-en bisitea nabarmendu nahi izan dabe antolatzaileek, izan be, Japoniako pop kulturan jarraitzaile gehien dituan youtuberra da. Zaleek Kalathras entzuteko aukerea izango dabe zapatuan, 11:30ean, Zelaieta zentroan, emongo dauen berbaldian. Domekan, 12:30ean, toki horretan bertan egongo da Japoniako Turismoaren Nazino Erakundeko manager Hajime Kishi.
Musikeak be tarte garrantzitsua izango dau Mangamoren; horren erakusgarri da barikuan Areatzako Bandeak eskainiko dauen kontzertua; Japoniako telesail ezagunenen abestien bersinoak egingo ditue musikariek, Zelaieta zentroko frontoian. Horrezaz gan, publikoak beste hainbat kontzertutara joateko aukerea izango dau, Nyoroboticse eta Panicrew feat Lunakenera, besteak beste.
Urtero legez, Japoniako modea eta mangea presente egongo dira Zornotzako jaialdian. Ganera, edizino honetan Tamara Ferrero diseinatzaileak beren-beregi jaialdirako sortutako moda desfile bat egongo da, baita jaialdiak iraun bitartean ikusgai egongo dan ehun-erakusketea be.
Astialdi elektronikoari jagokonez, Mangamoreko bisitariek 80 eta 90 hamarkadetako bideo-jokoakaz olgauu ahal izango dabe retro itxurako jolas-gela baten; bertan, gurasoek aukerea izango dabe gaztetako jokoetan ibilteko euren seme-alabakaz batera.
Zapatuan, Pokemonen moduko jokuak egongo dira. Cosplay txapelketa tradizionalak eta Shogi zein Yu Gi Oh jokuak be egongo dira hemen.
Umeek Japoniako jolas tradizionalak ezagutu ahal izango ditue horretarako atondutako ludotekan. Horrezaz gan, Ureshi izena dauen jaialdiko maskoteagaz atera ahalko dabe argazkia photocall-ean; jarduera horrek arrakasta handia izaten dau urtero gaztetxuen artean. Hirugarren urtez jarraian, Humor Amarillo txapelketako gunea be jarriko dabe; Japoniako programa ospetsuan agertzen diran antzeko probakaz.
Zapatuan, barriz, tren bat ibiliko da herrian, eta Larreara eroango ditu bisitariak; izan be, Quidditch txapelketea egingo dabe Larreako futbol-zelaian. Amorebieta-Etxanoko Ukabidea klubari esker, hainbat kirol egongo dira Mangamoren, karatea adibidez.
Bestalde, zapatuan, Your Name filma proiektauko dabe Zornotza aretoan eta Cine Made in Asia blogeko Jonny Blancok aurkeztuko dau. Modu berean, Hotaru ikuskizuna eskainiko dabe, Scena13 taldearen eskutik.
Egun horretan bertan, txikientzako mozorro-lehiaketea egingo da Ogenbarrenan, eta gauez Yui Kanan DJa egongo da Zelaieta parkean.
Gastronomia japoniarrak amaierea emongo deutso aurtengo programazinoari eta sushia eta Japonian inspirautako pintxoak probau ahal izango dira herriko hainbat tabernatan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!