Bilbon izango dira aurtengo Dantzan Bilaka jardunaldiak

Bizkaie! 2017-10-03 09:57   Kulturea

Urriaren 5etik 8ra antolatutako programan hainbat nobedade egongo dira.

Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako Dantzan Bilaka jardunaldietako saioak Bilboko Azkuna Zentroan egingo ditue aurten. Parte-hartzaile guztien aurkezpenak lurralde bakarrean batzea erabagi dabe eta, beraz, berbaldi eta ganerako jarduerak Bilbora eroan ditue. Hurrengo edizinoetan jardunaldiak erkidegoko beste uri batzuetan txandaka antolatzea da asmoa.

Aurkezpena Azkuna Zentroan bertan izan da, eta han Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria, Olatz de Andrés eta Igor de Quadra Dantzan Bilaka laguntza-batzordeko kideak eta Clara Montero Azkuna Zentroko programazino-arduraduna izan dira. Adierazo dabenez, ADDEk Dantzan Bilaka programearen kudeaketearen inguruan azkenaldioan eginiko hausnarketearen bidez, 2017rako programa barria birpentsau eta berrantolatu da.

Orain dala urte bi ADDE (Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkartea) jardunaldien kudeaketan sartu zanetik, gogoeta prozesua egiten ibili dira eta, horren ondorioz, hainbat aldaketa daukaz aurtengo programeak. Begirada barria helburu, egitarauari astindua emon deutsiela dinoe; holan, ekitaldi guztiak egoitza bakarrean batuta, profesionalak, eragileak eta ikusleak alkartzeko aukerea handituko da eta programazinoa aberastu, jarduera osogarrien bidez.

Koreografian eta jantza profesionalean dabizanak izango dira Dantzan Bilakako protagonistak, baina ganerako parte-hartzaileakaz be hartu-emonak erraztu nahi ditue. Euskal Herrian alor horretan dagoan aniztasuna eta esperimentazinoa agertzeko gunea izango da Azkuna Zentroa lau egunez.

Dantzan Bilakaren hamaikagarren edizino honetan, bederatzi koreografok euren proiektuak aurkeztuko ditue: Zuriñe Benavente, Luciana Chieregati, Tonatiuh Diaz, Amaia Elizaran, Andres Alarcon, Nerea Martinez, Angela Millano, Myriam Perez eta Denis Santacana dira.

Beste alde batetik, jarduera osogarrietarako Theo Clinkard britainiarra, Maria F. Scaroni italiarra, Jaime Conde-Salazar espainiarra eta Euskal Herriko MUGI konbidauko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu