Nafarroa Oinez Lesakan izango da urriaren 15ean
2017-10-03 09:37Bikinbatin lemapeko Nafarroa Oinezen lortzen dan dirua Tantirumairu ikastolan eraikin barri bat eregiteko erabiliko da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikakoa, Nafarroa Oinez jaiaren arduradunakaz batu dira egunotan Gasteizen. Mikel Asiain, Nafarroako Ikastolen Alkarteko presidenteak eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Alkarteko zuzendariak be hartu dabe parte bileran; horreekaz batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Olatz Garamendi Administrazino eta Zerbitzuetako sailburuordea eta Lesakako Tantirumairu Ikastolako presidentea eta zuzendaria bere, Amaia Lasheras eta Aitor Iratzoki, hurranez hurran, bileran izan dira.
Nafarroako ikastolen aldeko jaia urriaren 15ean ospatuko da Lesakan. Arduradunek bileran azaldu dabenez, egun horretan lortzen dan dirua Tantirumairu ikastolan eraikin barri bat eregiteko erabiliko da. Gaur egun, ikastola horrek Haur eta Lehen Hezkuntzako 113 ume jasoten ditu.
Horrezaz gan, eraikin barri baten beharra ez eze, bai Mikel Asiainek eta bai Josu Reparazek euskerea Nafarroa osoan indartzearen beharra be azpimarratu dabe, erabilerea sustatuz.
Azken buruan, Zupiria eta Uriarte sailburuek Nafarroa Oinezen arduradunei bileran luzatutako informazinoa eskertu eta Eusko Jaurlaritzeak jaian parte hartuko dauela aurreratu deutsee.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!