Jon Martin eta Oihana Iguaran be finalaurrekoetara
2017-10-02 09:03 BertsolaritzeaSegurako eta Leitzako saioak irabazi ditue, hurranez hurran.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren final laurena zapatuan jokatu zan, Segurako Baratze pilotalekuan, 700 entzuleren aurrean. Ariketa puntuagarri guztiak amaituta, epaimahaiak Jon Martin oiartzuarrari emon eutsazan puntu gehien, 673,5 hain zuzen. Bastidan urriaren 28an jokatuko dan lehenengo finalaurrekoan kantetako eskubidea lortu dau, beraz, Martinek. Saio horretan, aurrez sailkatutako Igor Elortza eta Sustrai Colina izango ditu alboan, baita puntuazinoz sailkatuko diran beste hiru be.
Segurako saioan bigarren egin eban Nerea Elustondok, 665,5 puntu batuta. Hirugarren izan zan Beñat Iguaran 655,5egaz eta laugarren, ostera, Ander Fuentes Itturri (629,5). Unai Gaztelumendi bosgarrenak 620 batu zituan eta Felix Zubiak 594.
Domekan, Leitzan jokatu zan final laurenetako beste saio bat
Oihana Iguaran ibili zan sei bertsolarien artean ondoen, epaileen puntuak aintzat hartu ezkero behintzat. Gipuzkoarrak 714 puntu eskuratu zituan, 1.200 lagunek betetako udal kiroldegian. Hortaz, Durangon zemendiaren 12an jokatuko dan finalaurrekoan kantauko dau Iguaranek, aurrez sailkatutako Aitor Mendiluzegaz eta puntuen arabera aukeratu beharreko beste lau bertsolarigaz batera.
Leitzan Agin Laburuk egin eban bigarren, 686 puntugaz, eta ez zan urrun ibili Iñaki Apalategi hirugarrena, 685egaz. Atzetik, Julio Soto (678,5), Unai Agirre (674,5) eta Oihana Bartra (619,5) geratu ziran.
Hurrengo final lauren biak datorren asteburuan jokatuko dira, Zallan eta Zumaian. Zapatuko saioan, Eneko Abasolo, Jone Uria, Miren Amuriza, Odei Barroso, Oihane Perea eta Onintza Enbeita egongo dira. Domekan, aldiz, Arkaitz Oiartzabal, Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!