'The Disaster Artist' eta 'Handia', Zinemaldiko nabarmenenak
2017-10-02 07:58 ZinemeaEstadu Batuetako filmak irabazi dau Urrezko Maskorra, eta Euskal Herrikoak, Epaimahaiaren Saria.
Publikoaren txaloak lortu zituan The Disaster Artist-ek proiekzinoaren egunean eta John Malkovichek zuzendutako epaimahaiak ikusleen gustuagaz bat egin dau. Hartara, James Franco estadubatuarrak zuzendutako lanak irabazi dau Donostiako Zinemaldiko 65. ekitaldiko Urrezko Maskorra. Tommy Wiseauk 2003an egindako The Room pelikulea zelan egin zan kontetan dau film irabazleak, umorez.
Proiektua familia girokoa izan dala adierazo dau Francok saria hartzeko galan, haren senide askok lagundu deutsie eta: Anaiak, koinateak eta hainbat lagunek aktore lanak egin ditue eta James Francok berak jokatu dau protagonistearen papela, zuzendari izateaz gan. The Disaster Artist Urrezko Maskorra irabazteko faboritoetako bat izan da, publikoaren gustuko lana, eta adituek azpimarratu dabe aurten kalidade handiko lanak aurkeztu dirala Sail Ofizialean.
Tartean, historian bigarrenez, euskerazko film bat egon da lehian. Ganera, arrakastea izan dau Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia-k. Batetik, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi dau eta, bestetik, Euskal Zinemearen Irizar Saria. Herri baten esentzia eta persona desbardin batek dauen balioa film bakarrean buztartu izana azpimarratu dau epaimahaiak.
Zidarrezko maskorrei jagokenez, zuzendari onenarena Anari Bernerik irabazi dau, hau da, lehenengoz emon deutsie sari hori emakume bati Donostian. Aktore onenen Zidarrezko Maskorrak Sofia Gala Castigilone (emakumezkoetan) eta Bogdan Dumitrachentzat (gizonezkoak) izan dira. Gidoilari onenak Diego Lerman eta Maria Meira izan dirala ebatzi dau epaimahaiak.
Sail Ofizialetik kanpo, Zinemaldiko beste ataletan, sari gehiago egon dira. Esate baterako, Zabaltegi-Tabakalera sailean, Clement Cogitoreren Braguino saritu dabe. Zuzendari Berriak atalean, ostera, Marine Francenen Le semeur izan da irabazlea eta Horizontes Latinosen, Marcela Saiden Los perros. Perlak sailean, publikoak erabagi dau sari nagusia Martin McDonaghen Three Billboards Outside Ebbing, Missouri lanari emotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!