Euskadi Sariak, Serrano, Aranburu eta Urretabizkaiarentzat
2017-09-29 13:19 KultureaEuskerazko liburu bi eta gaztelaniazko beste bat dira gaur iragarritako irabazleak.
Eusko Jaurlaritzeak jakitera emon dau gaur, barikua, Euskadi Literatura Sarietako hiru modalidadetako saridunak nortzuk diran, Euskerazko Literaturea, Gaztelaniazko Literaturea eta Saiakerea ataletakoak hain zuzen. Asier Serranoren Linbotarrak, Fernando Arambururen Patria eta Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia dira, hurranez hurran, aukeratuak. Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta Joxean Muñoz Kultura zuzendariak egin dabe iragarpena.
Asier Serrano eta Arantxa Urretabizkaia be ekitaldian izan dira eta biak agertu dira pozik Euskadi Saria jasoteaz. Bakotxak 18.000 euro jasoko dtu eta, ganera, liburua beste hizkuntzaren batera itzuli ezkero, beste 4.000. Bingen Zupiriak adierazo dau euskal sortzaileen lana autortzea eta zabaltzea dala Euskadi Sarien helburua: Egindako lana ikugai bihurtzen laguntzen dabe, gure kultureak, autortzea ez eze, agirikotasuna behar dau.
Euskerazko Literaturearen alorrean, Asier Serranoren Linbotarrak da aurtengo irabazlea. Izenak beste gauza bat ulertzera emon leikean arren, gauza mundutarrak kontetan ahalegindu da Serrano poema bilduma honetan. Askotariko gaiak eta erreferentziak erabilita, agiriko loturarik bakoak, collage moduko bat osotu dau. Serrano sinbolo eta irudien berariazko sare bat ehunduz doa olerkietan, bildumeari batasuna eta izakera ahaltsua emoten deutsazana, epaimahaiaren ustez.
Gaztelaniazko atalean, ostera, Fernando Arambururen Patria saritu dau epaimahaiak, argitaratu zanetik zeresana emon dauen liburua. Euskal gatazka politikoaren analisi zorrotza egiten ahalegindu da Aramburu, hainbat belaunaldi eta gizarteko egoera ugari bere barruan hartzen dituan istorio baten bidez. Liburu mardula da Patria eta Espainian be oihartzuna izan dau, gatazkearen gaiari heltzeko izan dauen moduagaitik. Azken berrogei urteotako euskal gizartea zehaztasun handiz irudikatzen dau Aramburuk, epaimahaiaren ustez, nahiz eta pertsonaia asko dagozan, tramearen errtimoa arina da.
Azkenik, Euskerazko Saiakerearen atalean, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia-ren alde egin dau epaimahaiak. Hondarribiko alardean emakumeek parte hartu ahal izateko bidearen kronikea da, autorearen begietatik ikusia. Lehenengo urteetako aldarrikapenetatik gaur egungo burruketara, hogei bat urteko tartean egon dan garapena aztertu dau Urretabizkaiak, bere eretxia ezkutau barik. Kronika eta lekukotza lazgarriak eskaintzen ditu Urretabizkaiak, dino epaimahaiak, baina lekukotza gogorra izan arren idazkera samurra dala be uste dau.
Behin Serranoren, Arambururen eta Urretabizkaiaren izenak publiko eginda, Euskadi Literatura Sarietako beste lau modalidadeetako irabazleen barri jakitea baino ez da falta. Hau da, gaztelaniazko saiakerako, euskerazko itzulpeneko, euskerazko ume eta gazte literaturako eta ilustrazinoko sariak. Horreek aste bi barru iragarriko ditue.
Euskadi Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 13an egingo dabe, Bilboko Azkuna Zentroan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!