Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea jokatuko da zapatuan

Bizkaie! 2017-09-29 08:11   Kulturea

Altzustako bolatokian izango da hitzordua, San Miguel jaien barruan.

Urri lehenengoaren edo irailaren 30ean, zapatuan, Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko kofradien arteko bola txapelketea, San Migel jaien egitarauaren barruan. Udalerriko zazpi kofradietako ordezkariek izango dabe taldekako txapelketa horretan parte hartzeko aukerea: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek. Talde bakotxean lau bolari egongo dira, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo ditu, eta taldekide guztiek botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dituan taldea izango da irabazlea. Bardinketea egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.

Sariak honako honeek izango dira: talde irabazleak 120 euro eta kilo eta erdiko txuleta bi bere osogarriakaz bazkaltzeko edo afaltzeko, Kiloterdi Txokoan, Ellauri Hotelaren jatetxean. Bigarren saria 100 eurokoa izango da eta hirugarrena 80 eurokoa. Igaz Ipiñaburu-Undurragako taldeak jantzi eban txapela, baina aurten indartsu dator Otzerinmendi, bakarkako txapelketako lehenengo bi sailkatuak, Danel eta Maximo Beitia osaba-lobak, talde horretako bolariak dira eta.

Txapelketea hasi aurretik, 16:30ean, umeei be bolan jokatzeko eta kirol hau ezagutzeko aukerea eskainiko jake; horretarako, euren arteko lehiaketea antolatuko da. Beraz eskuzuloak, txorra, sinka, hirukoa, txakile, zubile, txirloa, arrapea… eta beste berba batzuk entzuteko modua izango dabe Altzustako bolatokian. Kofradien arteko lehia arrastiko 17:00etan hasiko da.

Zeanuriko Udalaren eta  Altzustako Ellauri Hoteleko Kiloterdi Txokoaren babesa dauka txapelketeak, herriko beste enpresa eta erakunde batzuenaz ganera.

Bola jokoa bizi-bizirik dago Zeanurin. Aurtengo udan bertan, bakarkako hiru txapelketa jokatu dira Zeanurin: Altzuan, San Juston eta San Lontzon. Ipiñakoa ez zan jokatu euria egin ebalako. Leku bakotxean sailkatu ziran lehenengo hiru bolariek hartu eben parte Zeanuriko bakarkako txapelketan, San Lontzo bigarren egunean. Irabazlea, Danel Beitia 14 urteko mutikoa izan zan, igaz bigarren tokia eskuratu ebana hain zuzen. Bigarren eta hirugarren lekuetan Maximo Beitia eta Joseba Kortazar sailkatu ziran hurranez hurran. Hiru bolari honeek zapatuko kofradien txapelketan be parte hartuko dabe: Danel eta Maximo Beitia osaba-lobek Otzerimendigaz eta Joseba Kortazarrek Uribegaz.

 

Danel Beitia gaztea, Zeanuriko txapelduna

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu