Unamunoren Eguna egingo dabe barikuan Bilbon

Bizkaie! 2017-09-28 13:20   Kulturea

Urteroko lora eskaintzea ez eze, kontzertu lirikoa antolatu dabe.

Miguel Unamuno idazle bilbotar ezaguna jaio zaneko 153. urteurrena dala eta, barikuan, irailaren 29,an, Unamunoren Eguna atondu dau Bilboko Udalak, aurreko urteetako ohitureari eutsita. Ekitaldiak zati bitan banatuko ditue: Goizean Unamuno plazan eta, arratsaldean, Bidebarrietako liburutegian.

Bere izena daroan plazan Miguel de Unamunoren omenezko  eskulturan izango da eguneko lehenengo hitzordua. Eguerdiko 12:00etan, udal ordezkariak bertan dirala, adierazpen instituzionala irakurriko dabe eta, ganera, lora eskaintzea egingo deutsie idazleari.

Arratsaldeko 19:30ean, Bidebarrietan, kontzertu lirikoa entzun ahal izango da, Luis Santana baritonoa eta Antonio López Serrano pianistea protagonista dirala. Música para Miguel de Unamuno izeneko emonaldi horretako errepertorioan, Óscar Esplá, Ernesto Halffter, Antonio José, Gabriel Olaizola eta Manuel de Fallaren lanak dagoz, izan be, idazlea musikari horreen guztien laguna izan zan.

Unamunoren poemen musika-moldaketa batzukaz osotuko da programazinoa. Julio Gómez, Pedro Sáenz eta Joaquín Rodrígo konpositoreek eta David Rivas eta Javier Centeno musikari gazteek atondu ditue eta Luis Santanak jarriko deutse ahotsa. Publikoa doban sartu ahal izango da kontzertura.

Bide batez, Unamunoren Egunaren harira, Bilboko Udalak jakitera emon dau XVII. Miguel de Unamuno Saiakera Sariko irabazle bien lanak argitaratu dituala, liburu banatan: Gaztelaniazko kategoriako saridun La flecha (sin blanco) de la historia, Manuel Cruzek idatzia, Anagrama etxeak plazaratu dau. Mitxelko Urangaren Misentropia, euskerazko ataleko irabazlea, barriz, Ereinek argitaratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu