Juanma Bajo Ulloari emongo deutsie Ramon Labaien saria

Bizkaie! 2017-09-27 09:26   Zinemea

Donostiako Zinemaldiaren barruko ekitaldi baten jasoko dau, barikuan.

Juanma Bajo Ulloa | Ikusi handiago | Argazki originala

Ulialde alkarteko ordezkariek Donostian bertan egindako agerraldi baten, aurtengo Ramon Labaien sariaren barri emon dabe. Euskal Herriko zinemagile eta aktoreei emoten jaken saria da, euren ibilbidearen errekonozimendu legez. Aurreko edizinoetan Martxelo Rubio (2014), Karra Elejalde (2015) eta Gorka Aginagalde eta Ane Gabarain (2016) omendu ditue.

Aurten Juanma Bajo Ulloa aukeratu dabe. Gasteizen jaio zan eta, 1991n Alas de mariposa filma plazaratu ebanetik, arrakasta handiko zuzendaria izan da. Hain zuzen be, Donostiako Zinemaldian saritu eben lehenengo pelikula ha. Bere lan ezagunenen artean dago Airbag (1997), bere sasoian Espainian sarrera gehien saldu zituan filma. Zineman nabarmendu dan arren, bideoklipak zuzentzen be ibili izan da Bajo Ulloa.

Bere ibilbide luzean sari ugari irabazi ditu gasteiztarrak. 1991ko Urrezko Maskorraz gan, Goya sariak, New Yorkeko Kritikearena, nazinoarteko jaialdietakoak eta abar ditu. Orain, zerrendara Ramon Labaien saria gehitu ahal izango dau. Barikuan, hilak 29, emongo deutsie, Donostiako Ulialde alkartean egingo dan ekitaldian.

Ramon Labaien Donostiako alkate izan zana hil zanetik emoten dira sariok. Izan be, politikagintzan ez eze, kulturgintzan be ekarpen aitagarriak egin zituan Labaienek. Besteak beste, EITB eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa sortzen lagundu eban. Ganera, Ulialdeko presidente Josu Casalek adierazo dauenez, Zinemaldia nazinoarteko maila gorenera eroan eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu