Emakume Idazleen Zikloa Bilbora bueltan, Almudena Grandesen eskutik

Bizkaie! 2017-09-27 08:22   Kulturea

Bidebarrieta liburutegian egingo dau berba idazle espainiarrak, irailaren 28an.

Almudena Grandes | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udaleko Kultura Sailak narratiba garaikideko emakumezko autoreen lana erakusten eta gizarteratzen dau XXI. mendeko Emakume Idazleak zikloan. Zezeilean hasi zan ekimena, Idoia Jauregi kazetariak gidatuta, eta publikoaren aldetik erantzun bikaina jaso dau. Orain arte, Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi etas María Oruña idazleek parte hartu dabe zikloan.

Etenalditxu baten ostean, udagoienean indarbarrituta dator XXI. mendeko emakume idazleak. Uda osteko aldi barri honetako lehenengo topaketea eguenean, irailaren 28an, izango da. Los pacientes del Doctor García, Tusquets argitaletxeagaz plazaratua, aurkeztuko dau Almudena Grandes idazle madrildarrak Bilboko publikoaren aurrean. Orain arteko azken nobelea dau hori Grandesek.

Jarduerea arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan. Sartzea libre izango da aretoko leku guztiak bete arte eta, joan ezin dabenentzat, streaming-ez eskainiko dabe berbaldia www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Almudena Grandes (Madril, 1960) 1989an egin zan ezagun, La Sonrisa Vertical XI. Saria irabazi eban Las edades de Lulú lanagaz. Harrezkero, irakurleen eta kritikearen gustuko hainbat liburu plazaratu ditu: Te llamaré Viernes, Malena es un nombre de tango, Atlas de geografía humana... nobelak eta Modelos de mujer eta Estaciones de paso ipuin bildumak. Grandesen hainbat lan zinemara eroan ditue eta makina bat sari irabazi ditu.

Bilbon aurkeztuko dauen liburua, Los pacientes del Doctor García, thrillerra eta espioien elebarria da. Bigarren mundu gerrako eta frankismoko jazoera errealak eta ezagunak lotzen ditu, Espainiaren eta Argentinarena artean dabizan pertsonaien bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu