Bederatzi erakusketa dakarz XI. Bilboargazkik

Bizkaie! 2017-09-26 13:31   Kulturea

Ganera, berbaldiak eta tailerrak egongo dira, zemendira arte.

Nekane Alonso (Bilboko Udala), Leire Aragon (BBK) eta Juan Armentia (Euskal Herriko Argazkilari Alkarteen Federazinoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Argazkilaritzea kalera aterako dau, aurten bederatzigarren aldiz, Bilboargazki jaialdiak. Bertoko eta kanpoko artisten erakusketak Bilboko leku publiko ugaritan ikusi ahal izango dira, zemendiaren amaierara arte helduko dan programazinoari esker. Euskal Herriko Argazkigintza Alkarteen Federazinoak antolatzen dau, Bilboko Udalaren eta BBKren laguntzinoagaz.

Besteak beste, Alacanteko Juan Pablo de Miguel, hegaztien argazkietan espezializautako Li Yaping eta Wang Yanrong txinatarra, Javier Alonso Torre eta José Luis Rámirezen argazkiak ikusi ahal izango dira. Azken horrek 40 urte emon ditu Bilboko eraldaketearen irudiak batzen, eta oraintsu lan hori guztiori Bizkaiko Foru Artxibategiaren esku itxi dau.

Ganera, 2017ko Argizaiola sariaren irabazleen erakusketea ipiniko dabe. Asier Garagarzaren argazki irabazlea eta accesitak (Xabier Mata eta Andrés Indurain) erakutsiko ditu, lehiaketara aurkeztutako beste argazki batzukaz batera. Urriaren 19an inaugurauko da.

Horrezaz gan, aurtengo barrikuntzea da, Berastegiko metro geltokian erakusketa horri buruzko informazinoa eskainiko daben bost panel ipiniko dituela.

Auzotar eta bisitari guztien eskura, hainbat lekutan dagoz erakusketak, gehienbat Bilbo erdigunean: Barrainkuako eta Burtsako udaltegietan, EHUren Paraninfoan, Batzar Nagusietako Aretoan, Ondare Aretoan, Espacio de Los Mundosen, Café Iruñan eta FNACen.

Erakusketakaz batera, programazinoa berbaldi zikloagaz eta tailerrakaz osotuko dabe. Holan, antolatzaileen arabera, zaleek esperientziak trukatzeko eta formakuntzan sakontzeko aukerea izango dabe, edizino honetan parte hartzen daben profesionaletako batzuen eskutik. Urriaren 7an eta 8an, Javier Alonso Torrek argazki urteera bat gidatuko dau, natureari argazkiak ateratzeko, Altube eta Barazar inguruan, eta egunsentiari kostaldean. Juan Pablo de Miguelek, bere aldetik, Photoshop programea erabiliz zuri-baltzezko arkitekturearen argazki prozesadua landuko dauen tailerra eskainiko dau urriaren 21ean. Umeentzako tailer bereziak be eratuko ditue, aurreko urteetan arrakastea izan eben eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu