Jarduera fisikoaren inguruko txostena aurkeztu dabe

Bizkaie! 2017-09-25 13:28   Kulturea

Kirolaren Europako Astea egingo dabe Bilbon egunotan.

Lorea Bilbao, Juan Mari Aburto, Jon Darpon, Bingen Zupiria eta Oihane Agirregoitia (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Kirola eta jarduera fisikoa 2017 txosteneko ondorioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzeak, Bilbon egunotan egiten dabizan Kirolaren Europako Astearen barruan. Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Jon Darpon Osasun arlokoa egon dira ekitaldian, baita Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto be.

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 64k kirola egiten dabe, txosten horretan jasoten danez. Gizonen eta emakumeen artean alde nabarmena dago, dana dala (gioznek askoz gehiago egiten dabe). Hiru lagunetik batek kirolik egiten ez dauela onartu arren, gizartean zabalduta dago jarduera fisikoaren eta osasun onaren arteko hartu-emona. Izan be, inkestea bete dabenen % 98k uste dabe jarduera fisikoa osasun iturri dala.

Jenteak emondako eretxi horrek onerako poztu ditu Jaurlaritzako ordezkariak, Bilbon egindako agerraldian adierazo dabenez. Osasunaren Munduko Erakundeak oraintsu esan dau jarduera fisikorik ez egitea dala gaixotasun kronikoak izateko faktore garrantzitsuenetako bat herrialde garatuetan, azaldu dau Jon Darponek. Kirola egiteko interesak 10etik 6,9ko tasea dauka erkidegoan, eta hori Espainiako bataz bestekotik gora dagoala dino.

Datu zehatzagoetarako, ikusi Jaurlaritzearen txostena osorik, hemen.

Beste alde batetik, agerraldi berean aurkeztu dabe Kirolaren Europako Astea. Bilbo jarduera fisikoagaz eta kirolagaz lotutako jardueraz beteko dau egitarauak, Udaleko ordezkariek azpimarratu dabenez. Izan be, ekimenaren antolatzaileek Bilbo aukeratu dabe Kirol Astearen Euskadiko egoitzea izateko. Edade guztietarako ekintzak eratu ditue, #BEACTIVE goiburupean, gaur hasi eta hilaren 30era bitartean. Aitatzekoa da, esaterako, Martxan jarri ume zein helduentzako maratoia. Zapatuan egingo dabe, Itsas Museoko zabalgunean.

Juan Mari Aburtok adierazo dau uriak azken urteotan inbersino eta ahalegin handiak egin dituala kirola bultzatzeko eta, horri esker, azken belaunaldiko ekipamendu ugari dagozala. Kalidadezko kirol politikea uritarren bizi kalidadea be badala esan dau alkateak. Apustu horregaz lotuta, Oihane Agirregoitia zinegotziak Bilboko Kirolerako Plan Estrategikoa aurkeztuko dau eguaztenean, Europako politikak, programak eta finantzazioa kirol-esparruan prestakuntza-jardunaldietan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu