Arte eszenikoen Zirkuituaren denporaldia eguenean hasiko da

Bizkaie! 2017-09-25 12:10   Kulturea

Bilboko antzerki eta jantza taldeen hamabost proposamen batu ditue egitarauan abenduaren 13ra arte.

Bilboko Zirkuituaren hamaseigarren edizinoak auzoetan eskaintzen dauen programazino eszenikoari ekingo deutso barriro eguenean, hilaren 28an, Otxarkoagako Udaltegian. Bertako hamahiru konpainiak eta artistak hamabost emonaldi eskainiko ditue, horreen artean dagoz: Bea Insa, A Trompicones eta Luna Llena konpainiak eta Aullidos de Otxar eta I Need a Hero, besteak beste. Honeek barriro programauko ditue, ikus-entzuleek euren azken lanei emon deutsien harrera bikaina ikusita.

Abendura arte, orain dala gitxi produzidutako kalidadezko ikuskizunek beteko dabe egitaraua. Genero guztiak batu ditue. Horrezaz gan, antolatzaileek euskerazko antzerkiak beteten dauen lekua azpimarratu nahi izan dabe.

Zirkuitua eguen honetan abiatuko da, Otxarkoagako Udaltegian, Luna Llena konpainia beteranoaren Confesiones de 7 mujeres pecando solas lanagaz. Umorez betetako emonaldia eskainiko dau taldeak, zazpi pekatu kapitalen ganeko bakarrizketen bitartez.

Barikuan, barriz, Aullidos de Otxar taldearen La vida en una maleta obrea ikusi ahal izango da; honetan, 50eko hamarkadan Galiziatik, Burgosetik edo Extremaduratik etorri ziranen testigantzak entzun ahal izango dira. Tokiko istorioa izateaz gan, euren lurra laga eta etorkizun hobearen bila doazen personen sentimenduen eta emozinoen ganeko istorio unibersala be bada.

Bestalde, egitarauaren barruan, hiruhileko honetarako kalidade handiko euskerazko emonaldi bi azpimarratu ditue antolatzaileek: Alde batetik, Anodino Teatroaren Erbeste edo sahiets baten aldarrikapena. Formatu txikiko antzezlan hau sortu dabenen artean, euskal eszenako antzezle ezagunak dagoz, Getari Etxegarai eta Aitor Fernandino. Bestetik, euskerazko eskaintza horretan, azpimarragarria da Eneritz Artetxeren Karramarroa antzezlana.

Urte amaierara arte aurkeztuko dituen ikuskizunen artean, nabarmentzekoak dira baita be, orain dala gitxi sortutako konpainienak: A Teatral, Iuris Tantum edo Kaleka Antzerkia taldeenak, besteak beste.

Bilboko Zirkuituaren edizino hau abenduaren 13an amaituko da Bilborock-en Ze Onda taldearen Heriotza bikoitza lanaren aurkezpenagaz. Eneko Sagardoy eta Miren Gaztañaga dira obra honen antzezleak. Heriotzearen eta bizitzearen eta heriotzearen ondoren edegiten diran ateen ganeko gogoetea proponiduko dabe.

Saio guztiak dobakoak izango dira, arrastiko 19:30ean, zemendiaren 25ekoa izan ezik, hau ordu erdi lehenago hasiko dalako. Informazino gehiago eta egitaraua: www.kulturabarrutik.eus eta www.badbilbao.eus webguneetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu