'Apaltasunez' hartu dau Donostia Saria Agnès Vardak

Bizkaie! 2017-09-25 10:51   Zinemea

Visages, villages filma aurkeztu dau zuzendari belgikarrak Zinemaldian.

Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak emon eutsan Donostia Saria Agnès Vardari (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hasi da Zinemaldiaren 65. urteurrena eta horregaz batera, zinemagintzearen izarrik handienak Donostian agertzen hasi dira. Esate baterako, asteburuan aurtengo Donostia Sarietako lehenengoa emon eutsien Agnàs Varda zinemagile beteranoari. XX. mendearen erdialdean frantsesezko zinemagintzea goitik behera astindu eban Nouvelle Vague mobimenduko kide izan zan Varda belgikarra, talde horretako emakumezko zuzendari bakarra hain zuzen. Gaur egun, 89 urtegaz, lanean segiduten dau.

Zinemaldiaren zuzendaritzeak Donostia Sarien izakerea aldatu nahi dau aurtengo edizinotik aurrera. Ospe handiko izarrak bakarrik ez, zinemagintzearen historian bestelako ekarpenak egin dituenak be sarituko ditue aurrerantzean. Hartara, Agnès Vardak jaso dau aurten sarietako bat. Zuzendari belgikarrak apaltasunez baina pozarren hartu eban saria, Victoria Eugenia antzokian egindako galan, eta bera moduko autore marginalen alde egiteagaitik eskerrak emon eutsezen antolatzaileei.

Kazetariek egindako galderei erantzuteko orduan, zinemagintzearen merkantilizazinoa salatu eban. Zinemea marka handien eta publizidadearen agindupean dagoala adierazo eban. Dirua garrantzitsua dala onartu, baina pelikulak egitearen helburua ez dala dirua bakarrik izan behar azpimarratu eban. Bere esanetan, denpora gehiago pasau dau finantziazinoa bilatzen filmak eurak egiten baino. Halandabe, zinemagintzeagaz dirurik ez dauela irabazten adierazo eban Vardak.

Behin galea amaituta, Visages, villages lana aurkeztu eutsan Vardak Donostiako publikoari. 2008ko Les plages d'Agnès zan bere ibilbideko azken pelikulea, egileak Donostian autortu ebanez, baina JR artista urbanoa ezagutu ebanean proiektu barri honi ekin eutsan. Holan, JR Varda baino askoz gazteagoa dan arren, Visages, villages egin dabe alkarregaz. Canneseko Zinemaldian aurkeztu eben lehenengoz, Donostiara ekarri aurretik.

2017ko Zinemaldiko beste Donostia Sari biak Ricardo Darín eta Monica Bellucci aktoreei emongo deutsiez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu