Ja! Bilbao, Umorezko Literaturearen eta Artearen jaialdia eguaztenean hasiko da

Bizkaie! 2017-09-25 10:26   Kulturea

Joyce Carol Oates idazle estadubatuarra sarituko dabe eta Gloria Fuertesen ganeko erakusketea egongo da ikusgai.

Zortzigarren edizinoa dau Bilbon urtero ospatzen dan jaialdiak. Aurten eguaztenetik, hilaren 27tik, urriaren 8ra egingo dabe. Egitarauan, urtero legez, umorea eta literaturea izango dira ardatza eta honeek hainbat disziplinakaz alkartuko ditue: pinturea, antzerkia, zinemea, irratia, musikea, argazkilaritzea… Antolatzaileen arabera, Ja! Bilbao Europan, literaturan eta umorean oinarrituta egiten dan ekitaldi bakarra da.

Ekimen guztiak uriko sei aretotan eskainiko ditue: BBK Aretoa, Campos Eliseos antzokia, Zabalguneko eraikina, Erriberako merkadua, Bilborock eta Metro Bilbao. Danetara hogei artista igongo dira oholtzara.

Eguazten honetan emongo deutsie hasierea jaialdiari Centenario Gloria Fuertes erakusketeagaz. Honetan, poeta madrildarraren bizitzea, obrea eta personaia ekarri nahi dabe gogora, hainbat argazki, poema, agiri eta objektu personalen bitartez. Zabalguneko eraikinean egongo da ikusgai urriaren 22ra arte. Lehenengo egunean, bestalde, Ignatius Farray umorista kanariarra Bilborockeko agertokian eskainiko dau saioa. 

Eguenean, irailaren 28an, barriz, saio bikotxa egongo da BBK aretoan. Marta Robles idazle eta kazetariak Tricicle-ko kideei alkarrizketea egingo deutse, eta aurten lehenengoz jaialdian, pinturan ikusi daitekeen umoreaz berba egingo dabe Javier Goma filosofoak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak. Barikuan, Cesar Cocak Luis Landero eta Javier Perez Andejar idazleen arteko alkarrizketea gidatuko dau.

Hilaren 30erako, zapaturako, jaialdiak beste hitzordu bi atondu ditu: Juan Pablo Villalobos mexikarraren eta Antonio Orejudoren arteko barriketaldia eta, saio horren ostean, BBK aretoan hau be, Velibor Čolić idazlea erbestealdiko umoreari erradiografia egiten ahaleginduko da. Balkanetako gerran armada jugoslaviarretik iges egin eta Frantzian errefuxiatu izan zan. Guillermo Altaresen galderei erantzungo deutse idazleak. Asteari agur esateko, Borja Cobeaga zinemagileak umorezko hamar sekuentziarik kutunenak errepasauko ditu, Juan Basegaz batera.

Hurrengo asteko eguaztenean, urriaren 4an, barriz, Xabier Lapitzek Javier Cercasi egin eutson alkarrizketea ikusteko aukerea egongo da. Eguenean zinemea izango da nagusi barriro be, eta Juan Bas, Borja Crespo eta Felix Linares zinemazaleek Txarrenetik onena aztertuko dabe. Urriaren 7an, barikuan, Edurne Portelak, Sergio del Molinok eta Sabino Mendezek euren bizitzan zehar gehien eragin deutsien liburuen ganean egingo dabe berbea.

Urtero, BBK Ja! Bilbao Sariaren bidez, haren obran umoreak berebiziko garrantzia dauen nazinoarteko persona famatu bat omentzen dabe eta aurten Joyce Carol Oates estadubatuarrari emongo deutsie saria, egilearen testuetan agiri dan umore guztiz modernoagaitik. Horrezaz gan, Pilar Adonek alkarrizketea egingo deutso.

Umorezko Literaturea eta Artea Nazinoarteko Jaialdia urriaren 8an, domekan, amaituko da. Egun horretan, Harkaitz Cano idazleak eta Maite Arroitajauregi, Mursego, musikariak Porto izeneko musikazko ikuskizun poetiko bat aurkeztuko dabe euskeraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu