Alaia Martinek irabazi dau Txapelketa Nagusiko lehenengo saioa

Bizkaie! 2017-09-25 08:51   Bertsolaritzea

Finalaurrekoetako txartela eskuratu dau oiartzuarrak Baigorrin.

Alaia Martin, Baigorriko saioan (argazkiak: Alberto Elosegi-XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Abian da 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Zapatuan lehenengo final laurena jokatu zan, Baigorriko Ezker Paretean, 600 entzuleren baino gehiagoren aurrean. Joana Itzaina gai-jartzailearen aginduetara, sei bertsolari: Mikel Artola, Aimar Karrika, Beñat Ugartetxea, Alaia Martin, Xabi Maia eta Ander Lizarralde.

Zortziko handian, txikian eta hamarreko txikian binaka kantau eben, eta puntua emonda banaka, kartzelako ariketara joan aurretik. Komisaldegitik deitu deutsue agertu dala esanez gaiari erantzun behar izan eutsien bertsolariek hiruna bertsotan azken ariketa horretan. Mikel Artolak eta Beñat Ugartetxeak eskuko telefonoa eta ezkontza eraztuna berreskuratu zituen hurranez hurran; Aimar Karrika, Alaia Martin eta Xabi Maia seme-alaba komisaldegian agertu jaken gurasoak izan ziran; eta Ander Lizarraldek laguna hilik agertu jakonaren azaletik abestu eban.

Alaia Martin goitik behera nagusitu zan saioan eta, 712 puntu batuta, sari bikotxa irabazi eban: Batetik, saioko lehenengo postua eta, bestetik, hurrengo faserako zuzenean sailkatzea. Bigarren Aimar Karrika izan zan, 651,5 puntugaz, hirugarren Beñat Ugartetxea (631,5) eta laugarren Ander Lizarralde (627). Atzerago geratu ziran Mikel Artola (620) eta Xabi Maia (598,5). Puntuazinoaren arabera finalaurrekoetako leku gehiago banatuko dira, baina hurrego saioetako emoitzen zain geratu beharko dira Martinen atzetik geratutako bostak.

Zemendiaren 1ean jokatuko dan finalaurreko saioak dagoeneko hiru bertsolari ditu zehaztuta. Lehenagotik sailkatuta egon dira, 2013an finalista izateagaitik, Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio. Horreekaz batera kantauko dau Baigorriko irabazleak, Alaia Martinek.

Hurrengo asteburuan beste final lauren bi jokatuko dira. Zapatuan, Seguran, honeek izango dira oholtzan: Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi. Domekan, Leitzan, honeek egongo dira: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu