Durangaldeko Ezpatadantzari Egunak 50 urte bete ditu

Bizkaie! 2017-09-22 10:41   Kulturea

Domekan Iurretan batuko dira jantzariak, tradizinoari eusteko.

2007ko Ezpatadantzari Eguna be Iurretan egin zan (argazkia: Gerediaga) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iurretan bertan ospatu zan lehenengo Ezpadantzari Eguna, 1967an, Jantzari jantza izenez ezagutzen dan jantza moltsoa ezagutzera emoteko helburuagaz. Gaur egun Bizkaiko ezpatajantzea izenagaz be ezagutzen da bederatzi piezako moltso hori. Adituen ustez, lurralde zabalago baten egiten ziran jantzen ondorengoak dira, baina 19. mendean Durangaldeko herri batzuetan baino ez ziran gorde. XX. mendeko loraldiari esker, barriro zabaldu ziran Bizkai guztira.

Beraz, Jantzari jantzeak lotura estua dauka Durangaldeagaz. Ondare hori jagoteko ahaleginaren erakusgarri da urtero egiten dan Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna. Lehenengo edizinoa gogoan, aurtengo hitzordua Iurretan antolatu dabe. Domekan, hilaren 24an, eskualdeko hamaika jantza talde batuko dira ohitureari eusteko. Eguerdiko 12:30ean kalejirea egingo dabe. Ondoren, 13:00ean, Jantzari jantzea eta Soka jantzea edo erregelak etorriko dira Aita San Migel plazan. Herri bazkariari eta erromeriari esker, egun guztian egongo da jai giroa Iurretan.

Gerediaga alkartea sortu zanean, 1965ean, Jantzari jantzea galtzear egoan, talde gehienek ez zituelako ezagutzen. Horregaitik erabagi eban Merinaldeko Ezpatadantzari Eguna antolatzen hastea, 1967an. Iurretako lehenengo edizino haren ostean, ekitaldia urtero herri baten egitea pentsau eben. 1973koa Otxandion eta 1975ekoa Mañarian galarazo egin zituen agintariek. Ganera, 1994, 1996 eta 1997an ez eben antolatu.

Jantzari jantzeak berak bederatzi pieza daukaz: Agintariena da lehenengoa, ikusgarriena. Ondoren, zortzinangoa, ezpata joko txikia, banangoa, binangoa, ezpata joko nagusia, launangoa, makil-jantzea eta txotxongiloa datoz. Behin hori amaituta, Soka jantzea edo erregelak izenekoa egiten da.

Gerediaga alkarteak, Durangaldeko jantza taldeek eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatzen dabe Ezpatadantzari Eguna, inguruko erakunde, alkarte eta enpresen laguntzinoagaz. Honeek hamaika taldeek egingo dabe jantzan aurten: Iurretatik lau talde, Izurtza, Garai eta Mañaritik talde bana, Berriztik Iremiñe eta San Lorentzo taldeak eta Durangotik Txoritxu Alai eta Kriskitin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu