Bilboko 47 eraikin barrutik ikusi ahal izango dira asteburuan

Bizkaie! 2017-09-21 13:23   Kulturea

Open House jaialdiaren barruan, normalean publikoari itxita dagozan guneak zabalduko ditue.

Argazkia: Bilboko Udala | Ikusi handiago | Argazki originala

Uriko ondarea herritarrei erakusteko asmoz antolatu dau Bilboko Udalak Open House jaialdia, irailaren 22 eta 23ko asteburuan. Egunerokoan publikoarentzat zarratuta egoten diran 47 eraikinetako ateak zabalduko ditue eta, bisitaldi gidatuen bidez, bazter guztiak ikusi eta eraikinen ganeko kontu bitxiak ezagutu ahal izango ditu jenteak. Jaialdiagaz lotutako jarduera guztiak dobakoak izango dira.

Historiaz, urigintzaz eta arkitekturaz gehiago jakiteko aukera aproposa da Open House jaialdia. Mundu mailako ekimen baten parte da Bilbokoa, 39 urik parte hartzen dabe sarean. Horregaitik, Bilboko jardueren aurkezpenean Victoria Thorton egon da, Open House World Wide-ko zuzendaria. Beragaz batera egon dira Asier Abaunza Bilboko Uri Plangintzako zinegotzia eta Jokin Santiago Bilboko ekitaldiaren arduraduna.

Bisitaldi gidatuetan parte hartzeko ez da aurretik izenik emon behar. Bisitau nahi daben eraikinaren atera joan eta txandea eskatu besterik ez da egin behar. Boluntarioak arduratuko dira sarbidea kontroleteaz eta bisitaldi gidatuetan azalpenak emoteaz. Guztira 300 boluntario ibiliko dira zeregin horreetan. Ordutegia hau da: zapatuan 10:00etatik 20:00etara eta domekan, 10:00etatik 19:00etara. Dana dala, eraikin batzuetan ordutegia desbardina izan leitekeela ohartarazo dau Bilboko Udalak.

Zabalik egongo diran eraikinen artean, Bilboren historiaren lekuko izan diran beti-betiko guneak dagoz, baita Bilbo garaikidearen sinbolo diran barriagoak be. Chavarri, Olabarri eta Ibaigane jauregiak, Iberdrola torrea, Azkuna Zentroa, Bidebarrietako liburutegia, La Bolsa eraikina, IDOM egoitzea, Bilbao Arena, Torre Madariagako etxebizitzak, Deustuko sifoia, Bilboko udaletxea, Arte Eder Museoa eta Indautxuko Karmen eleizea dagoz aukeran, beste askoren artean. Guztien zerrendea eta planoa, hemen.

Ganera, Open House jaialdian parte hartu nahi dabenei lagntzeko, sei informazino puntu jarriko ditu Udalak uriko beste horrenbeste lekutan: San Mamesen, Euskaldunan, Euskadi plazan, Azkuna Zentroan, Arriagan eta Kale Nagusian.

Bisitaldiez gan, jarduera osogarriak antolatu ditue: Open House Pasaportea, 360º esperientziak, erakusketak eta abar. Argazki lehiaketan be parte hartu ahal izango dabe herritarrek. Instagram sare sozialaren bidezkoa izango da eta 150 euro banatuko ditue saritan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu