Monica Bellucci, Agnès Varda eta Ricardo Darín, Donostia saridun
2017-09-08 13:23 ZinemeaZinemaldiko Sail Ofizialeko burua, ostera, John Malkovich izango da.
Orain dala aste batzuk iragarri eban Donostiako Zinemaldiak aurten Ricardo Darín aktore argentinarrari emongo deutsala Donostia Saria. Ohore hori jasoteko orduan ez da bakarrik egongo, baina. Izan be, beste saritu bi egongo dirala esan barri dabe: Monica Bellucci aktorea eta Agnès Varda zuzendaria hain zuzen. Hiruren ibilbide oparoa nabarmentzea da asmoa.
Monica Bellucci italiarrak mende laurena baino gehiago daroa zuzendaririk ospetsuenen aginduetara pelikulak egiten. Europan zein Estadu Batuetan egin dau lan, erreferente bihurtu diran hainbat filmetan. Francis Ford Coppola, Wachowski ahiztak, Terry Gilliam, Spike Lee, Paolo Virzì, Emir Kusturica eta beste askoren lanetan parte hartu dau.
Agnès Varda, ostera, Belgikan jaiotako zinema-zuzendaria da. Nouvelle Vague dalako korronte barritzailearen aitzindarietako bat izan zan 1960ko hamarkadan eta mobimendu horretako emakumezko zuzendari bakarra be bazan. 89 urte daukazan arren, gaur egun lanean segiduten dau eta Visages villages dokumentala aurkeztu barri dau. Ohorezko Oscar saria emongo deutsiela iragarri dabe oraintsu.
Hirugarren Donostia Saria Ricardo Darín argentinarrari emongo deutsiela jakina zan lehendik. Bellucci, Varda eta Darín ez eze, zinemagintzearen munduko artista ugari egongo dira Donostiako uriburuan, Zinemaldiaren 65. ekitaldia dala eta: Javier Bardem, Bérénice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penélope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Léaud, Benoît Magimel, Arnold Schwarzenegger, Paz Vega eta Alicia Vikander etorriko dirala baieztau dabe jaialdiko arduradunek.
Ganera, Darren Aronofsky, Raymond Depardon, Ildikó Enyedi, Robert Guédiguian, Todd Haynes, Hirokazu Koreeda, Ruben Östlund, Lynne Ramsay, Carlos Saura, Wim Wenders, Michael Winterbottom eta Frederick Wiseman zuzendariek euren film barriak aurkeztuko ditue Donostian. Baita Aki Kaurismäki finlandiarrak be: Toivon tuolla puolen pelikula barriagaitik Fipresci Sari Nagusia emongo deutsie eta Donostian jasoko dau. 2002an be irabazi eban sari hori Kaurismäkik.
Sail Ofizialeko epaimahaian be ez da izarrik faltako. John Malkovich aktore, zuzendari eta produktore amerikar beteranoa izango da epaimahaiburu. Urrezko Maskorra nori emon erabagiteko unean, alboan izango ditu Dolores Fonzi aktorea, William Oldroyd zuzendaria, Emma Suárez aktorea, Paula Vaccaro produktore eta gidoilaria eta Fabio Cianchetti argazkilaritza zuzendaria. Epaimahaiak beste kide bat gehiago be izango dau, baina oraindino nor izango dan ez dabe erabagi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!