Arte garaikidea Bizkaiko bost herritan, Bosteko 2017 erakusketa ibiltarian
2017-09-07 12:31 KultureaDamaris Pan, Usoa Fullaondo eta Tasio Ardanazen lanak Zornotzan, Arrigorriagan, Basaurin, Leioan eta Getxon ikusi ahal izango dira.
Dagoeneko hogei urte bete ditu Bosteko ekimenak eta Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok adierazo dauenez, hasikerako helburuei eusten deutsie. Bizkaiko artisten lana ezagutzera emotea eta arte garaikidea Bizkai guztiko herrietan erakustea dira Bostekoren asmoak. Aurtengo edizino biribilean, Zornotza, Arrigorriaga, Basauri, Leioa eta Getxoko udalek bat egin dabe, euren herrietatik erakusketa ibiltaria pasau daiten. Egitasmoaren koordinatzailea Bizkaiko Foru Aldundia da.
Transizino-guneak, pinturearen lurraldeak izenburua emon deutsie Bostekoren aurtengo aukeraketeari. Izan be, pinturearen lurralde guztiak arakatu nahi izan ditue artistek, abstraktua zein figuratiboa, eta koadroaren eta objektuaren artean dagoan transizinoan sakondu, Iker Serrano Robles komisarioak hiru artista aukeratu eta gidatu ditu zeregin horretan: Tasio Ardanaz nafarra, Usoa Fullaondo algortarra eta Damaris Pan mallabiarra.
Ardanaz Bilbon bizi da aspalditik eta bertan egiten dau lan, jaiotzez nafarra dan arren. Horregaitik sartu ahal izan da Bostekon, Bizkaiko artistak ez eze, berton lanean dabizanak bultzatzea dalako asmoa. Beste herrialde batzuetako egonaldietako esperientzia batu dot artelanetan, azaldu dau Ardanazek, Bostekon erakutsiko dituan obrak aurkezteko unean.
Usoa Fullaondok, ostera, zera adierazo dau: Pinturea oinarrian dago nire lanetan, baina pinturatik objektura pasetan dira nire obra batzuk. Bostekon parte hartzeko aukerea eskertu, eta zehaztu dau Damaris Panegaz lehenago be lan egindakoa dala, baina Tasio Ardanazegaz lehenengoz ibili dala alkarlanean.
Damaris Panek bost pieza erakutsiko ditu Bostekon. Azken urtean lantzen nabilen proiektutik hartutako lanak dira, uste dot alkarren artean koherenteak dirala pieza guztiak eta beste artista bien lanagaz be bat egin leikiela, azaldu dau Bilbon bizi dan mallabiarrak.
Lorea Bilbao Kultura diputaduak azaldu dauenez, Bizkaiko sare artistikoa indartu gura dogu, euren lanaren barri danok izan daigun. Eskualderik eskualdeko ibilbidean, arte garaikidea herritar guztien esku ipinten dabela azpimarratu dau Bilbaok. Gaur bertan, irailak 7, zabalduko dabe Bosteko 2017 Zornotzako Zelaieta zentroan. Ondoren, ganerako lau herrietara eroango dabe, txandaka.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!