Euskerazko komikien Parrapean lehiaketea antolatu dabe Bilbon

Bizkaie! 2017-09-04 12:53   Kulturea

14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat da eta laugarren edizinoa dau aurtengoa.

Adur Larreak marraztu dau aurtengo kartela | Ikusi handiago | Argazki originala

Urriaren 16tik 21era antolatuko dan Parrapean Komiki Egunak zikloaren aurretik, Bilboko Udalak gazteentzako lehiaketea antolatu dau, komikigintzea eta euskerea bultzatzeko asmoz. Urriaren 6ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, Begoñako udaltegiko liburutegian, eta hiru onenek saria jasoko dabe: Diplomea eta marrazketako materiala. Ganera, komiki irabazlea Berton aldizkarian argitaratuko dabe.

Bilboko Udalak zehaztu dauenez, banaka zein taldeka aurkeztu leitekez parte-hartzaileak Parrapean lehiaketara, baina danek izan beharko ditue 14 eta 17 urte bitartean. Komikietan teknika eta gai libreak erabili ahal izango dira eta, testua izatekotan, euskerazkoa izango da. Lehendik argitaratu bako jatorrizko istorioak baino ez dira onartuko. A4 formatu bertikaleko orrialde bi izango ditu, gehienez, aurkeztutako lan bakotxak.

Komikiak bertara joanda zein postaz aurkeztu ahal izango dira, urriaren 6an edo lehenago, Begoñako Udal Liburutegian (Txurdinagako Circo Amateur kalean). Papelezko kopia ez eze, digitala be aurkezteko eskatu deutsie antolatzaileek parte-hartzaileei, ahal badabe behintzat.

Lehiaketako oinarriak eta argibide gehiago, hemen.

Urriaren 16tik 21era, urteroko hitzordu bihurtu diran Parrapean Komiki Egunak antolatuko ditu Bilboko Udaleko Kultura Sailak 4. barrutian, hau da, Santutxu eta Begoña inguruetan. Euskerazko komikigintzea da ziklo horretako oinarria eta, besteak beste, tailerrak, erakusketak, berbaldiak eta aurkezpenak egongo dira. Amaierako jaialdian, hilaren 21ean, komiki lehiaketako irabazleen barri emongo dabe antolatzaileek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu