Bizkaitar guztiak doban Guggenheimera

Dabi Piedra 2017-09-04 07:58   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiak gonbidapen bana bialduko deutse, urrian museora joan daitezan.

Vicente Reyes, Unai Rementeria eta Juan Ignacio Vidarte, gonbidapen txartelak eskuan | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoaren 20. urteurreneko ospakizunen une gorena urrian izango da eta Foru Aldundiak bat egin nahi izan dau. Bizkaitar guztiak Guggenheim Museoaren proiektuaren parte dirala aldarrikatzeko, doban sartu ahal izateko gonbidapen bana bialduko deutse herrialdean erroldatutako 18 urtetik gorako persona guztiei. Ganera, edozein eskualdetatik joan ahal izan daitezan, joan-etorriko bidaia be dobakoa izango da Bizkaibusen. Irailean bialduko ditue gonbidapenak eta urrian erabili ahal izango dira.

Guggenheim Museoa bizkaitar guztiona da, bizkaitarrak urteurren honetako protagonista izatea gura dogu, adierazo dau Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak. Orain dala 20 urte apustu arriskutsua egin genduan Bilbo eta Bizkaia erakargarriago egiteko, eta asmau egin genduan, ganeratu dau Rementeriak, traktore ekonomiko, kultural eta emozionala da museoa. Horregaitik, aparteko gauza bat antolatu nahi izan dabe. 

Apartekoa izango da, bai, Foru Aldundiak eta Guggenheimek pentsau dabena. Bizkaian miloe bat lagun inguru dagoz 18 urtetik gorakoak. Dan-danei bialduko jake gonbidapen bana etxera, irailean. Urriko edozein egunetan erabili ahal izango dabe txartel berezi hori Guggenheim Museoko bildumako artelanak ikusteko. Gonbidapenak izen eta guzti datoz eta ezin izango jakoz inori laga. Ganera, behin bakarrik erabiltekoak izango dirala zehaztu dau Rementeriak. Edozelan be, uneren baten jente piloketak egon leitekezala onartu dau Ahaldun Nagusiak, bialduko dan gonbidapenen kopurua aintzat hartuta.

Rementeriak azpimarratu dau Guggenheim bizkaitar guztiena dala, herritar eta eskualde guztiak bardin sentidu behar dirala proiektuaren parte. Horregaitik, Bizkaiko edozein txokotatik Bilbora joan eta gonbidapena erabili ahal izatea errazago bihurtu nahi izan dabe. Bilborako joan-etorria doban egiteko balioko dau txartelak. Vicente Reyes Foru Aldundiko Garraio diputaduaren esanetan, 56 linea heltzen dira uriburura eta horreetako edozein erabili ahal izango dabe bisitariek.

Foru Aldundiak eta Guggenheimek museoaren 20. urteurreneko ekitaldiak bultzatzeko sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da bizkaitar guztiei gonbidapenak bialtzeko ekimena. Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariaren ustez, 20. urteurrena ospatzeko modu bikaina izango da. Urria une egokia da, ospakizunen une gorena hile horretan izango dalako. Vidartek azaldu dauenez, bizkaitarrek museoa eurena dala sentidutea nahi dogu eta, ganera, danei eskerrak emon euren babesagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu