Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 160.000 euro bideratuko ditu 2017an eta 2018an euskal kultura ondarearen babesaren arloan ikerketa lanak sustatzeko. Gobernu Batzordeak asteon onarturiko laguntzino honen helburua ikertzaileak baliabidez hornidutea da, proiektuak garatu deiezan eta, holan, ondarearen osotasuna babesten laguntzeko, berau aberastuz eta hedatuz. Kultura ondare material eta immaterialari lotutako ikertzaileak babestuko ditue, Euskal Autonomia Erkidegoko proiektuetan.
Egitasmo bakotxak 13.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez, aurreko deialdiko 16.000 euroen aldean; izan be, helburuetako bat da ahalik eta proiektu gehien eraginkortasunez laguntzea. Igaz 20 proiektu aurkeztu ziran eta 10 lanek jaso eben diru-laguntzinoa.
Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondareko zuzendariak diru-laguntzino honeen erabilgarritasuna nabarmendu dau: Igaz sustatu genduzan lehenengoz eta harrera bikaina izan eben. Era askotako elementuak babesteko erespideak aztertu ziran: Arabako Errioxako upategiak, Gerra Zibileko defensa egiturak, Arabako erromatarren galtzadea eta industriari loturiko ondare higigarria. Elementuen aniztasuna eta hartzen dauen ibilbide kronologikoa oso zabalak dira.
Euskal Kultura Ondareari buruzko legeak euskal ondarearen babesa, aberastea, hedapena eta sustapena bermatzen ditu eta potere publikoei agintzen deutse euskal ondarearen osotasuna jagoteko. Eusko Jaurlaritzeak Euskal Kultura Ondareari buruzko lege barria bialdu dau Legebiltzarrera, talde politiko guztien artean eztabaidatzeko. Legeak, hain zuzen be, euskal kulturearen ondare material zein immateriala babesteko lanean sakondu nahi dau.