Euskal komikigileak Bruselako jaialdian
2017-08-31 12:18 KultureaAinara Azpiazu Axpi eta Iñaki Martiarena Mattin izango dira bertoko ordezkariak.
Irailaren 1etik 3ra egingo da Bruselan Fête de la BD komiki jaialdia. Europako topaketa garrantzitsenetako bat da sektore horretan eta, beraz, euskal komikigileen ordezkaritza bat urtero joaten da hara. Etxepare Institutuak azaldu dauenez, aurten laugarren urtez segidan egongo dira bertoko egileak Bruselan. EUNIC Europako Kultura Institutu Nazionalen Sareko kide da Etxepare eta erakunde horren bidez ziurtatu dau parte-hartzea.
Hain zuzen be, EUNIC sareko kide diran beste herrialdeen atalean egongo dira euskal komikigileak Bruselan, nazinoarteko gunean; Portugal, Hungaria, Estonia, Polonia eta Errumaniako ordezkariak izango ditue alboan. Euskal Herrian sortutako komikiak, euskerazkoak zein gaztelaniazkoak, topauko ditue bisitariek. Hainbat argitaletxeren lanak egongo dira ikusgai Bruselan, sektoreko profesionalen, adituen eta zaleen esku; Harriet, Astiberri, Norma, Txalaparta eta Elkar han izango dira, besteak beste.
Ganera, euskal komikigile bi Bruselara joango dira: Ainara Azpiazu Axpi-k umeentzako tailerra gidatuko dau, marrazketearen oinarrizko kontzeptuen ganekoa, irailaren 2an. Iñaki Martiarena Mattin-ek, bestetik, sorkuntza tailerra emongo dau, hau be umeentzat, hilaren 3an.
Etxepare Institutuak, EUNICeko kide danetik, Europako hainbat jaialdi eta topaketa kulturaletan parte hartu ahal izan dau. Horren erakusgarri da Bruselako komiki azokako ordezkaritzea edo irailaren 26an Harkaitz Cano idazleak Transpoesie jardunaldian egingo dauen errezitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!