Hamalau euskal produkzinok parte hartuko dabe Zinemaldian
2017-08-30 13:13 ZinemeaEuskal zinemearen Irizar saria irabazteko lehian zazpi pelikula egongo dira.
Donostiako Zinemaldiko hainbat ataletan parte hartuko dabe euskal produkzinoek, tartean Sail Ofizialean. Fernando Francoren Morir eta Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia egongo dira Urrezko Maskorra irabazteko lehian, baita Antonio Cuadriren Operación Concha be.
Zinemira atalean, ostera, hiru pelikulak parte hartuko dabe: Ipar Euskal Herrian sortutako Non (Le Petit Theatre du Pain konpainiako Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsek zuzendua), Iñigo Garciaren lehenengo film luzea dan Bi txirula eta Elkarrekin-Together (Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoa). Azken hau Euskal Zinemearen Galan emoteko aukeratu dabe. Zinemiran bertan baina lehiaketaz kanpo Converso (David Arratibel) eta Nur eta Herensugearen tenplua (Juanba Berasategi) be egongo dira.
Zabaltegi-Tabakalera atalean, ostera, Koldo Almandozen Plágan eta Bertha Gaztelumendiren Volar egongo dira. Zinemaldiko ganerako euskal produkzinoak Zinema Eraikitzen, Ikusmira Berriak eta Glocal in Progress sailetan ikusi ahal izango dira. Azken horretan aurkeztuko da Dantza, Telmo Esnalena.
Hamalau produkzino horreetatik zazpi Irizar saria irabazteko hautagaiak izango dira, nazinoarteko estreinaldiak diralako. Tartean dagoz Morir eta Handia.
Era berean, Donostiako Zinemaldiak Zinemira saria emongo deutso Julia Juaniz zinema-muntatzaileari. Euskal ikus-entzunezkoetan ibilbide oparoa egin dabenentzako gorazarrea da izendapen hori eta aurreko edizinoetan Imanol Uribek, Alex Angulok, Elias Querejetak, Michel Gaztambidek, Juanba Berasategik, Pedro Oleak, Karmele Solerrek eta Ramon Bareak jaso dabe.
Donostiako Zinemaldiak jakitera emon dauenez, 60 film baino gehiago muntatu ditu Julia Juaniz nafarrak bere ibilbide oparoan. Zuzendari ezagunen alboan lan egin dau (Victor Erice, Carlos Saura, Ramón Barea, Jabi Elortegi...). Goya sarietarako birritan izentau dabe eta Donostiako Zinemaldian bere lan ugari ikusi izan dira urteotan. Ganera, film labur batzuk be eginak ditu Juanizek, esaterako 1991ko Bilboko Euskal Zinemako Sari Nagusiaren irabazle Traintime. Bideoartean eta negatiboak marrazten be badauka eskarmentua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!