Bilboko ondarea ezagutarazoteko bisitaldiak barriro antolatuko ditue

Bizkaie! 2017-08-28 13:07   Kulturea

Abandoko eleizatetik oinezko txango gidatuak egongo dira irailean.

Abandoko Done Bikendi eleizea (argazkia: Bizkeliza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbao Izan programearen barruan, uriko auzoetatik dobako bisita gidatuak antolatzen ditu Udalak, Bilboren historia eta bazter ezkutuak herritarrei erakusteko asmoz. Udako etenaldiaren ostean, barriro hasiko dira horreek bisitaldiak irailean, 1804ko Zamakoladeari eskainitako egitarauagaz. Abandoko eleizatea izan zanaren bihotzean sartuko dira bisitariak.

Gerrek eta gatazkek Bilbon itxitako aztarnea aztertzen dabiz bisitaldien programan aurten; esaterako, 1936ko Gerra Zibilaren barri emon dabe uda aurreko saio batzuetan. Zamakoladea, barriz,1804ko altxamendu bat izan zan; derrigorrezko zerbitzu militarra ezarri eta itsasadarrean beste portu bat eregi nahi zalako, Bilbo inguruko hainbat eleizatetan hasi zan Zamakoladea. Abandoko herria izan zan altxamenduaren erdigunea, gaur egun Bilboko Zabalgunea dagoan lekuan.

Done Bikendi eleizan hasita, Albia lorategien alboan, Zamakoladan garrantzitsuak izan ziran hainbat leku bisitauko ditue parte-hartzaileek. Geldialdi bakotxean gidariak azalpen zehatzak emongo ditu. Holan, 19. mendearen hasikerako Abando eta Bilbo zelakoak ziran ezagutu ahal izango da. Txangoa oinez izango da, ordu eta erdi ingurukoa.

Irailaren 5etik 30era bitartean egingo ditue Zamakoladaren inguruko bisitaldiak, martitzenetik zapatura, goizetan eta arratsaldeetan. Azalpenak euskeraz zein gaztelaniaz izango dira. Leku mugatua dagoanez, izena emon behar da, 94 401 00 10 telefono zenbakian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu