Aste Nagusia arrakastatsua izan dala dinoe Bilboko Udalak eta Konparsek
2017-08-28 12:05 KultureaParte-hartze handia eta giro ona nabarmendu ditue eta alderdi negatiboa eraso sexistak izan dira beste behin.
Bilboko Konparsek, Askapeñaren txosnan egindako agerraldian, aurtengo Aste Nagusiak emon dauenaz eretxia eta datuak emon ditue. Aurtengo programazinoan egindako apustu barritzaileak jentearen gustokoak izan dirala azpimarratu eta milaka eta milaka lagunek parte hartu dabela eta horren erakusgarri nagusia lehiaketa gastronomikoak izan dirala esan dabe; konparsen kalkuluaren arabera, 876 lapiko aurkeztu dira modalidade guztiak aintzat hartuta.
Bestetik, goitibeheren jatsierea be egitarauan finkatzen hasi da. Konparsen esanetan, aurten jente gehiago erakarri dau lehiaketa horrek. Ganera, harrobia jagoteko asmoz, goitibeherak egiteko tailerra antolatu dabe lehenengoz umeentzat. Beste hainbat jarduera be egon dira Aste Nagusian, guztira 525 antolatu ditue Konparsek. Hortaz, jaiak arrakastatsuak izan dirala adierazo dabe.
Polemikadun jaiak be izan dira aurtengoak, Hontzak konparsearen dekorazinoa kentzeko agindu eban epaile batek. Oihana Pascualek Konparsen izenean adierazo dauenez, ez gara gu izan polemika horreek biztu dituenak, eragin politiko bako taldeak baino, asmo sensazionalistak dituen hedabideen laguntzinoagaz. Batzuk jai ereduaren oinarriari kalte egiten ahalegindu dirala salatu dau Pascualek, baina ez dabela lortu, asmo ilunen ganetik, umorea, adierazpen askatasuna eta eradaketarako apustua gailendu da.
Bilboko Udalak, bere aldetik, behin behineko balantzea plazaratu dau. Bataz beste 160.000 lagun ibili dira jaigunean egunero eta, guztira, 1,3 miloe parte-hartzaile izan ditu Aste Nagusiko egitarauak. Ohiko moduan, su artifizialek batu dabe jente gehien, baina Txikigunearen arrakastea be nabarmendu dau Udalak, 150.000 neska-mutil erakarri dituan ezkero. Dobako programazino zabalak parte-hartzea erraztu dauela dino Udalak.
Garbitasunagaz be pozik dago Udala. Behin behineko datuen arabera, aurreko edizinoetan baino gehiago birziklatu da oraingoan. Segurtasunaren arloan, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren beharra izan daben inzidentziak (lapurretak batez be) igaz baino % 9 gitxiago izan dira.
Balorazino positiboa egin arren, Udalak eta Konparsek bat egin dabe aurtengo jaietako puntu baltza zein izan dan erabagiteko orduan. Lau erasoren barri egon da jaietan eta, hori igaz baino gitxiago dan arren, edozein indarkeria eta errespetu faltearen aurrean burrukan segidu behar dala nabarmendu dau Juan Mari Aburto alkateak. Konparsetako Oihana Pascualen ustez, ostera, ezin da erasoen kopuruaren jatsierea irabazitako bataila legez ulertu. Kaleak, gauak eta jaiak emakumeonak be badira eta ez gara geratuko benetan holan izan arte.
Agerraldia amaitzeko, Oihana Pascualek agindu dau bihar bertan hasiko dirala antolatzen hurrengo ekitaldiak: San Tomasak, Aratusteak eta datorren urteko Aste Nagusia. 2018koa edizino berezia izango da, 40 urte beteko ditualako gaur egungo ereduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!