John Abercrombie jazz musikaria hil da
2017-08-24 10:56 MusikeaAurtengo bagilean Getxoko jaialdian jotekoa zan, baina ezin izan zan etorri, ordurako ondoezik egoalako.
Jazz garaikidearen figura handienetako bati agur esan deutso musikearen munduak. John Abercrombie amerikarra 72 urtegaz hil zan atzo, antza danez bihotzeko arazoakaitik. 1960ko hamarkadan haren ibilbideak abiadea hartu ebanetik, jazzaren hainbat jokeratan parte hartu eban Abercrombiek, beti gitarrea lagun. Tresna horregaz maisua zan.
New York estaduko Port Chester urian jaio zan, 1944ko abenduan, eta Bostongo Berklee musika eskola ospetsuan ikasi eban. New Yorkera aldatu zan gero, eta han jazz munduko artista ezagun bihurtu zan. Sasoi haretako musikari entzutetsuenen alboan jo eban eta, 1970eko hamarkadan hasita, disko ugari grabau zituan hareen alboan. Abercrombieren lehenengo diskoa Timeless izan zan (1975).
Urteek aurrera egin ahala, bide barriak arakatzen eta bere musikea egokitzen joan zan Abercrombie. Pixkanaka, bera bihurtu zan hainbat bandatako buru. Tradizinoa eta modernotasuna buztartu zituan: Jazzaren gitarra estiloari eutsi eutsan beti, baina elementu barriakaz nahastauta, esaterako sintetizadoreakaz. Horregaitik, bere estiloa eklektikotzat joten dabe adituek. Jazz fusion, free jazz eta avant-garde jazz estiloak landu zituan, besteak beste. Gitarra jolea ez eze, konpositorea be bazan.
2017ko Getxoko Jazzaldian, aurtengo udan bertan, John Abercrombie zan kartelburuetako bat. Algortako eszenatoki nagusiko izar handienetako bat bera zan, bagilaren 29ko erakargarritasun nagusia. Behin betiko kartela azken orduan aldatu behar izan eben antolatzaileek, Abercrombiek osasun arazoak zituala eta. Pharoah Sanders saxofoi jole amerikarrak jo eban haren ordez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!