Kanpaia saria Hontzak konparseari emon deutsie eta Eulia, Sin Kuarteli
2017-08-24 08:59 KultureaBilboko jaietako txosnetako dekorazinorik onena eta eskasena erabagi ditue herritarren botoei esker.
Bilboko Konparsek Arenalean eta inguruetan ipini dituen 29 txosnen arteko urteroko lehiaketea da Kanpaia eta Eulia. Aste Nagusiko lehenengo egunetan herritarrek botoa emoteko aukerea dabe, gehien eta gitxien gustau jakezan dekorazinoak zeintzuk diran esateko. Aurten, webgunearen eta Konparsen aplikazinoaren bidez emon ahal izan da eretxia.
Boto guztiak kontauta, Kanpaia saria, hau da, dekorazinorik onenarena, Hontzak konparseari emon deutsie. Bigarren urtez erreskadan irabazi dau saria euren txosneak. Zeresana emon dau aurten Hontzakek, izan be, Bilboko Gotzaitegiaren eskariz, epaileak txosnako dekorazinoaren zati bat kentzeko agindu eban, katolikoak iraintzen zitualakoan. Ertzaintzak Jesukristoren irudi bat eta Vatikanoko harategiak kartela kendu zituan.
Hartara, Kanpaia eta Eulia sarien banaketarako ohiko kalejirea, aldarrikapenerako ekitaldi bihurtu dabe Konparsek. Adierazpen askatasunaren aldeko prozesinoa egin dabe kalerik kale, Hontzaken txosnatik abiatuta; umorea eta kritikea buztartu nahi izan ditue martxa berezi horretan eta parte-hartzaileetako batzuk abadeen eta Bibliako pertsonaien moduan jantzita agertu dira.
Behin prozesinoa amaituta, konparsakideak Hontzakera bueltau dira, Kanpaia saria emoten. Txosnan ikusgai dago ikurra, jentearen gustokoena izan dala adierazoteko. Nati Ovelleiro pregoilariak eta Ane Ortiz txupinereak emon deutsie saria Hontzakeko kideei.
Kalejiran Sin Kuartel konparsearen txosnatik be pasau dira; aurten eurei egokitu jake Eulia saria, hau da, dekorazinorik txarrenarena. Kasu horretan be, jentearen botoetan oinarrituta erabagi dabe saritua. Lehiaketearen arauetan adierazitakoaren arabera, Mekauenek agirian euki beharko dau euli erraldoia jaiek iraun artean. Igaz Moskotarrak konparseari emon eutsien dekorazinorik eskasenaren ikurra eta ikusgai euki dabe euren txosnan, Mekauenek lekukoa hartu deutsien arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!