Landa eremuko turismoa sendotu egin da Bizkaian

Bizkaie! 2017-08-23 10:01   Kulturea

Garagarrilean turista kopuruari eutsi jako, batez be barrualdeko eskualdeen igoereak eraginda.

Karrantza harana (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiak 154.466 bidaiari-sarrera erregistrau ditu aurtengo garagarrilean, Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu dauenez, Eustaten datuetan oinarrituta. Hau da, kopuruari eutsi jakola esan leiteke, igazko epe bereko datuagaz alderatuta % 0,2ko igoerea baino ez da egon eta. Aldundiak nabarmendu dauenez, atzerritik datozan bisitarien eta landa eremuko establezimenduen datu positiboei esker eutsi ahal izan jako aurreko urteko zifreari.

Jatorriari jagokonez, Espainiatik kanpoko bisitariak % 4,4 gehiago izan dira aurten. Espainiarrak dira Bizkaiaren merkadu nagusia (%3,3 gitxiago etorri dira) eta ondoren datoz Frantzia (28.000 bisitari) eta Amerikako Estadu Batuak (15.000). Foru Aldundiaren esanetan, Bilbao-Bizkaia markea indartzeko egindako promozinoa igarri da.

Beste alde batetik, bisitariek lotarako aukeratutako lekuen artean, mendialdeko eta landa eremuko establezimenduetan egon dan igoerea azpimarratu dau Aldundiak. Barrualdeko eskualdeetan % 18 igon dau mendi eta naturatik hur lo egitea erabagiten dabenen kopurua, foru erakundearen esanetan. Kostaldean eta urigune handietan, ostera, bisitari gitxiago egon dira aurtengo garagarrilean.

Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusi Asier Aleak azpimarratu dau urtea hasi danetik % 7,5 inguru hazi dala bidaiari-sarreren kopurua. Bizkaiak udatik eta Aste Santutik kanpo be erakarri nahi ditu turistak, Alearen arabera. Datuek erakusten dabe turismoak badauela jokerea urtaroei horren lotuta ez egotekoa: Oporretarako ohikoak ez diran sasoietan be bisitariak hartzen doguz Bizkaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu