Daniel Buren-en 'Arku gorriak' barriro dagoz Bilboko Salbe zubian

Bizkaie! 2017-08-21 12:53   Kulturea

Zaharbarritzeko kendu eben instalazino artistikoa eta barriro ipini dabe lehengo lekuan.

'Arku gorriak' (argazkia: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Guggenheim Museoak 20. urteurreneko ospakizunen barruan hartu eban Arku gorriak zaharbarritzeko ardurea. Izan be, Daniel Burenen artelanak lotura estua dauka museoagaz, honen instalazinoetatik kanpo egon arren. Salbeko zubian dago instalazinoa, Guggenheimen gan-ganean. Hamar bat urterako ipini zituen museoaren 10. urteurrenean baina orain behin betiko hor lagatea erabagi dabe. Hortaz, beharrezkoa izan da konpontzea. Elementu teknologikoak dituen 14 obra zaharbarritzeko programearen barruan egin dau Guggenheimek lan hau.

Apirilean hasi ziran Arku gorriak konpontzen. Horretarako, piezak kendu eta Salbe zubiko zutabeak hutsik geratu ziran denpora batez. Joan dan astetik, ostera, barriro dago instalazinoa lehengo lekuan. Panel fenoliko gorriak, led-barrea, transformadorea, eta argi-kaxak estaltzen dituan metakrilato eta binilo guztiak ordezkatu dira, jatorrizko programazino-sekuentzia errespetauta, Guggenheimeko arduradunek azaldu dabenez.

Obrearen iraunkortasuna bermatzeko eta etorkizuneko belaunaldiek pieza berezi honetaz disfrutau ahal izan daien egin dabe zaharbarritzea, museoko iturrien arabera. Arku gorriak Bilboko ikur ezaguna bihurtu dira eta, argi jokuei esker, itxura barritzailea emoten deutsie zubiari.

Aurten 20 urte bete dituala eta, Guggenheim Museoa elementu teknologikoak dituen obrak barritzen dabil. Arku Gorriak ez eze, beste artelan batzuk be lehengoratu ditue, esaterako Jeff Koons-en Puppy, Jenny Holzer-en Bilborako instalazinoa, Juan Muñozen Itzala eta ahoa eta Fujiko Nakayaren Laino eskultura 08025 zk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu