'The Wife' filmaren Europako estreinaldiak zarratuko dau Zinemaldiko Sail Ofiziala

Bizkaie! 2017-08-18 11:10   Zinemea

Glenn Close aktore ezaguna eta Björn Runge zuzendaria Donostian izango dira pelikulea aurkezten.

Glenn Close amerikarra eta Jonathan Pryce galestarra, 'The Wife'-n (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostiako Zinemaldiaren 65. edizinoari amaierea emoteko aukeratu dabe The Wife, Suedia eta Erresuma Batuaren arteko koprodukzinoa. Sail Ofiziala zarratuko dau, baina lehiaketaz kanpo aurkeztuko dabe; Europan lehenengo aldiz proiektauko dabe filma, jaialdiaren amaierako galan hain zuzen be.

Glenn Close eta Jonathan Pryce dira The Wife-ko aktore nagusiak. Horreek biak eta beste aktore bat, Annie Starke, Donostiako Zinemaldian izango dira, filma aurkezteko ekitaldietan. Björn Runge zuzendaria be egongo da eurakaz.

Produkzino europarra dan arren, Ameriketako Estadu Batuetan dauka jatorria The Wife-k. Meg Wolitzer amerikarrak idatzitako eleberri baten oinarritu da Jane Anderson filmaren gidoia sortzeko. Glenn Close aktore nagusia be amerikarra da eta Hollywoodeko izarra izan da urte askoan (Oscarretarako sei izendapen ditu). Emakume baten istorioa dakar pelikuleak: 40 urtez bere burua sakrifikau dau senarraren ibilbide literarioari laguntzeko baina gogaitu egingo da, noz eta senarra Literaturako Nobel Saria irabazteko zorian dala.

Björn Runge zuzendari suediarrak Zinemaldian parte hartu eban 2011n, Happy End lanagaz (argazkilaritza onenaren saria irabazi eban), beraz bigarren aldia izango dau Donostian. Berlingo jaialdian Europako film onenaren saria emon eutsien 2004an, Om jag vänder mig om filmari esker. Glenn Close be egonda dago Donostian, 2011. urtean, Albert Nobbs pelikulea aurkeztu eban eta Donostia Saria be jaso izan dau.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu