Erakusketa iraunkor barria Urdaibaiko Ekoetxean
2017-08-17 13:42 KultureaBiosferearen Erreserbearen balio natural eta kulturalen barri emotea izango da helburua.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak azaldu dauenez, zabalik dago Urdaibaiko Biosferearen Erreserbearen ganeko erakusketa iraunkorra. Doban ikusi ahal izango da. Modu horretan, Erreserbara heltzen diran bisitari guztientzako informazino gunea eskainiko dau Urdaibaiko Ekoetxeak. Naturguneko balioak modu interaktiboan erakutsiko ditue.
Erakusketeak bost atal ditu. Biosferearen erreserba bat zer dan azalduz hasten da ibilbidea, planetako erreserba bakotxaren fitxa teknikoa izango da eskuragarri eta bideo bidez naturguneei lotutako personen testigantzak ikusi ahal izango dira. Bigarren zatian, Urdaibaiko Erreserbearen ezaugarrien deskribapen zehatza egiten da, haren kudeaketa ereduaren eta proiektuen barri emoteko.
Hurrengo atalean erakusketako zatirik ikusgarrienetako bat dago, erliebezko pantaila handia. Antropozenoa ezagutzeko bideo-mapping proiekzinoak egingo ditue hor. Laugarren urratsean, landareak eta faunea dira protagonista. Bisitariek soinu-dutxetan parte hartu ahal izango dabe, animalien soinuen guneetan. Amaitzeko, horma-irudi handi batek Euskal Herriko folklorea, tradizinoak eta kulturea erakusten ditu.
Urdaibai Ekoetxea Biosferearen Erreserbearen bihotzean dago, Busturiako lurretan, Madariaga torretxean hain zuzen. Zabaldu barri dan erakusketa iraunkorra bisitetako aukerea eskaintzeaz gan, Urdaibaiko paduretan ibilteko informazinoa eta argibideak emoten ditue bertan eta ingurumenagaz lotutako hainbat jarduera antolatu, bisitaldi gidatuak eta tailerrak tartean. Ihobe agentziaren bidez, Eusko Jaurlaritzeak kudeatzen dau Ekoetxea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!