Itsasontzi klasikoek euskal kostaldea bisitauko dabe egunotan

Bizkaie! 2017-08-17 09:54   Kulturea

Abrako Itsas Klubaren Gitana Kopea dalakoa jokatu aurretik, zeharkaldia egingo dabe Hendaiatik Getxora.

'Artako' ontzia (argazkia: RCMA-RSC) | Ikusi handiago | Argazki originala

Belaontzien munduan ospe eta tradizino handiko lehiaketea da Gitana Kopea. Abrako Errege Itsas Kluba-Real Sporting Club alkarteak antolatuta, 1904tik egiten da. Bela bidezko itsasontzi klasikoen estropada hau uda guztietan jokatzen da, Getxo eta inguruetako uretan. Aurtengo edizinoa abuztuaren 25ean eta 26an jokatuko da, baina aurretik hainbat jarduera atondu ditue.

Lehenik eta behin, gaur, eguena, hasita, euskal kostaldetik zeharkaldia edo rallya egingo dabe itsasontzi klasikoek; Hendaian hasiko dabe txangoa eta bihar eta etzi Pasaia aldean egongo dira. Hilaren 20an, Donostia eta Mutriku bisitauko ditue eta ostean Bizkaiko uretan sartuko dira. Bermeora helduko dira 21ean eta Getxora 22an.

Behin kostaldeko zeharkaldia amaituta, Abrako klubaren jarduerearen eta Copa Gitanaren barri zabaltzeko ekitaldi gehiago antolatu ditue. Ate edegien jardunaldiak egongo dira, lehenengoa abuztuaren 23an, Bilboko Itsas Museoan. Aste Nagusian bete-betean sartuta egongo da uria egun horretan eta belaontziek bat egingo dabe jaiagaz. Biharamunean beste ate edegien jardunaldi bat egongo da, Areetan.

Abuztuaren 25ean eta 26an, lehiaketea eguerdiko 13:00etan hasiko da. Besteak beste, Artako eta Iris III ontzi bizkitarrek parte hartuko dabe. Izena emon daben beste ontzi batzuk honeek dira: Arren Chan Passiou, Eloise II, Jade, Kanthaka, Khayyam, La Gaillarde, Lasse, Ninita, Rouvelon, Sacrebelu, Thalamus, Tikaroa eta Westward of Clynder. Ganera, Hendaiatik Getxora bitarteko zeharkaldian EHUren Saltillo eskola ontziak be parte hartuko dau.

Lehiaketea hiru kategoriatan banatzen da: Antxinako ontziak (1949an edo lehenago eginak), Klasikoak (1975 edo lehenagokoak) eta Tradizinoaren Espiritua (1991koak edo zaharragoak).

Klasikoen mailan Bizkaiko Artako izan da urteotan jaun eta jaube, igazko garaipenagaz 15 aldiz irabazi dau Gitana Kopea. Igazko beste irabazle biak Starfire kanadiarra (antxinakoetan) eta Taramay Urbegi (Tradizinoaren Espiritua kategorian) izan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu