Balearen desfilea egingo dabe domekan Bilbon

Bizkaie! 2017-08-16 12:21   Kulturea

Bilbao 700 Fundazinoak antolatuta, musikariak, antzezleak eta itsasoko pertsonaiak ibiliko dira kalerik kale.

Argazkia: Bilbao 700 Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Batez be familiei zuzendutako ekitaldi handia da Balearen desfilea eta dagoeneko 16. ekitaldia izango dau. Urterik urtera hazten doan ekimena da, gero eta pertsonaia gehiago batzen dira eta.

Protagonista nagusia balea da, aurten Aste Nagusiko kartelean be agiri da. Horixe izango da, ganera, desfilean lehenengo urtengo dauen pertsonaia. 12 metro luze eta 5 metro zabal da puzgarri hori. Desfilearen hasikeran, talaieroak abisua emongo dau, balea badatorela esanaz.

Ondoren, desfilean ohiko bihurtu diran itsasoko beste pertsonaia askok hartuko ditue Bilboko kaleak: Olagarroak, txangurroak eta bisiguak, danak be puzgarri erraldoiak. Esaterako, olagarroak 13 metroko diametroa dauka. Arpoilariak be ibiliko dira eta, Bilbao 700 Fundazinoak azaldu dauenez, horreek izango dira istorio honetako gaiztoak.

Giroa alaitzeko, musikea eta ikuskizunak egongo dira desfilean bertan. Trokobloco batukadea joango da aurretik. Santutxu auzoan, 1978an sortutako Sama Siku fanfarreak kalerik kale joko dau eta Santurtziko erraldoien konparsako figurek lagunduko deutsie. Itsasoagaz eta meatzaritzeagaz lotuta dagoz Santurtziko erraldoiak: Arrantzalea, sardinerea, meatzaria eta mineral garbitzailea. Bestetik, Cal y Canto konpainia be konbidau dabe, bere pertsonaiak desfileko puzgarriakaz nahastau daitezan.

Kale antzerkiari jagokonez, Xarop de Canya taldeak Ictineu I, El Somni de Monturiol ikuskizuna aurkeztuko dau. 19. mendean itsaspean egindako bidaia baten bersinoa da eta antzerkia, kale animazinoa eta musikea buztartzen ditu. Bestalde, Julio Verneren istorioetako pertsonaia harrigarriak eroango ditu Planete Vapeur konpainiak Bilbora, Octopussy ikuskizunean.

Desfilea arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Plaza Biribilean. Kale Nagusian gora joan eta Areilza Doktorearen kalearen alboan amaituko da. Aurretik, 16:00etatik gitxi gorabehera, puzgarriak Arriaga plazan egongo dira ikusgai. Goizean be, desfileko pertsonaia batzuk ibiliko dira jaigunean.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu