Bilboko Aste Nagusian 400 jarduera baino gehiago egongo dira
2017-08-16 08:46 KultureaHegoaldeko Europa guztian dobako eskaintza kulturalik zabalena dala azpimarratu dau Bilboko Udalak egitarauaren aurkezpenean.
Abuztuaren 19an, zapatuan, hasiko da 2017ko Aste Nagusia eta, urtero legez, Bilboko kaleak ekitaldiz beteko dira. Bilboko Udalak eta Konparsek atondu daben egitarauan 400 jarduera inguru dagoz, tartean kontzertuak, su artifizialak, jantzak, bertsoak, lehiaketak eta abar. Kalidadea, aniztasuna, bardintasuna, parte-hartzea eta dobakotasuna buztartzen ditu programeak, jaietako arduradunek aurkezpenean azpimarratu dabenez.
Urian zehar banatuta, hainbat eszenatoki ipini ditu Udalak eta bakotxean estilo bateko edo gehiagoko musikeaz disfrutetako aukerea egongo da:
Abandoibarran (kontzertuak eta herri ikuskizunak), Europa parkean (DJak eta ikuskizunak), Plaza Barrian (munduko musikea), Gizakundearen eleizan (musika klasikoa), Bilborocken (bertoko pop-rock eta metala), Casilda Iturrizar parkean (bilbainadak eta guatekeak), Arenalean (berbenak, bandak eta fanfarreak) eta Isozaki Atean (abesbatzak) egongo dira. Ganera, konparsek be hainbat emonaldi antolatuko ditue txosnetan.
Kontzertu nagusien artean, aurten Zea Mays eta Esne Beltza aitatu behar dira euskerazkoetan. Bilboko Orkestra Sinfonikoaren eta El Consorcioren arteko alkarlana be nabarmentzekoa da. Era berean, Amaral, Antonio Orozco eta beste hainbat egongo dira Aste Nagusian.
Publiko gehien batzen dauen ikuskizuna su artifizialena izaten da. Abuztuaren 19tik 25era, nazinoarteko konpainiarik onenek argituko dabe Bilboko zerua, 22:45ean hasita. Epaimahaiaren eta publikoaren sariak emongo ditue. Ganera, hilaren 26an, lehiaketaz kanpo parte hartuko dau Bizkaiko Astondoa pirotekniak.
Umeen programazinoari jagokonez, Txikiguneko izarrak biztuten, atera barruan dozun hori izenburupean hainbat jarduera antolatu ditue, hezkuntza eta bizikidetza balioak bultzatzeko. Txikigunea goiz eta arratsalde egongo da zabalik, abuztuaren 20tik 27ra, Casilda Iturrizar parkean.
Ganera, dobako antzerkia, herri-kirol erakustaldiak eta folklorea sartu ditue egitarauan. Abuztuaren 22ko Larrain jantzea da programako izarretako bat.
Aste Nagusia danek disfrutau ahal izan daien, irisgarritasun eta gizarteratze neurriak hartuko ditu Bilboko Udalak. Esate baterako, pregoian eta umeentzako antzezlanetan zeinu bidezko interpretea egongo da. Egitarauaren braillezko bersinoa be badago, baita irakurketa errazekoa be. Gargantuak arranpa berezia izango dau mobikortasun mugatua daukienentzat. Kontzertuetan dibersidade funtzionala daukienentzako txokoa atonduko dabe, musikeaz hobeto disfrutau daien. Komun egokituak be jarriko ditue jaigunean.
Ikuskizunen kalidadea oinarri, Bilbo astialdiaren eta kulturearen uriburu izango da bederatzi egunez, Udalak azpimarratu dauenez. Jaiak nazinoarteko erreferente bihurtu dirala eta Europa hegoaldeko dobako eskaintza kulturalik oparoena dala ganeratu dabe antolatzaileek.
Aste Nagusiko ekitaldi guztien informazino zehatza nahi dauenarentzat, telefono adimendunetarako aplikazinoa martxan ipini dau Udalak. Doban deskargau leiteke eta, jardueren datu zehatzak ez eze, informazino praktikoa be emoten dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!