Mongoliako sumo burrukalarien fabrikea
2017-08-14 12:39 BidaideMongoliako estepetan, Japoniatik 2.000 kilometrora, askoren amesa da noz edo noz yokozuma edo sumoko txapeldun handi bihurtzea.
Gauza gitxi dagoz sumoa baino japoniarragoak. Izan be, Japonian baino ez da praktiketan burruka libre berezi hau. Gorputz zabaleko gizonek, gerripeko batez jantzita, aurkaria zirkulu batetik atera behar dabe, edo lurrera bota. Batzuen ustez, erlijino sintoisteagaz estu lotutako antxinako ohiturak, gatz bidezko purifikazinoa esaterako, gordeteko azken lekuetako bat be bada. Sumo burrukalariak -gaur egun 650 profesional dagoz- miretsiak dira, portaera kode zorrotza daukie eta hilean 40.000 eurotik gorakoa izan leikean soldatea pagetan deutsie. Orain dala hamarkada gitxira arte, japoniarrek baino ezin eben 1684tik antolatzen diran lehiaketa profesionaletan parte hartu.
Baina harrezkero kirol hau asko aldatu da. Japoniako Sumo Alkarteak gehienez atzerriko burrukalari bana entrenetako baimena baino ez deutse emoten herrialdeko 43 akademiei -Japonian jaio ez dan edonor joten dabe atzerritartzat, akademiarako sarbidea izateko nazinotasuna lortzen ahalegintzea eragozteko-. Halandabe, historiako 26 burrukalari arrakastatsuenen artean, hamar atzerritarrak dira, horreetatik zazpi, mongoliarrak. Japoniarra ez dan baten batek yokozuna izendapena lortu eban lehenengo aldia -hau da, XVII. mendetik dagozan 72 txapeldun handietako bat- 1993an izan zan. Harrezkero, japoniarrek beherako bidea hartu dabe, hutsaren hurrengo izan arte.
Hain zuzen be, aurten apurtu dabe 19 urteko lehortea yokozunarik euki barik. Urtarrilean, 30 urte eta ia 200 kiloko Kisenosato sumoaren gorengo mailan sartu zan, beste hiru mongoliarren maila berean. Japoniako sumoari itxaropena ekarri deutso, dino Nikkei Asian Review aldizkarian argitaratutako artikulu batek. Adituen ustez, Japoniako burrukalarien beherakadeak zerikusia dauka beste kirol batzuek sortzen daben pasinoagaz, beisbolak batez be, baita burrukalarien bizi baldintza gogorrakaz eta gehiegizko pisuak eragiten dituan osasun arazoakaz be.
Mongoliako estepetan, Japoniatik 2.000 kilometrora, ostera, askoren amesa da noz edo noz yokozuma bihurtzea. Gengis Khanen lurretan, umeak txiki-txikitatik hasten dira preparetan, egunen baten Naadamen parte hartu ahal izateko, bertako jaialdi nagusian. Kirol mongoliarrez betetako hiru egunek biribiltzen dabe jaia. Herrialde guztiak arreta handiz ikusten ditu jokoak, bertatik bertara zein telebistaz. Lekurik urrunenetan be, mongoliarrek zelan edo halan lortzen dabe antenea eta telebisteari biztuta eusteko eguzki plakea.
Neurri baten, hori da burrukalari mongoliarren arrakastearen arrazoia. Egia da beste arau batzuk dituala eta burruka mongoliarrerako behar dan gorpuzkerea desbardina dala, baina erraza da eurentzat Japoniako araudira egokitzea. Japoniarrak baino azkarragoak eta erasokorragoak dira, dino Aurunbold izeneko entrenatzaile batek Ulan Batorren. Japoniako soldatak Mongoliakoak baino handiagoak diranez, gure burrukalari onenetako batzuek nahiago dabe herrialde haretako ohiturak eta hizkuntzea ikasi, han arrakastea izateko.
Apustuak badauka bere arriskua, danek ez dabelako euren helburua beteten. Kirolari handi batzuk Mongoliara bueltau dira, Japoniako ohiko zorroztasunera egokitu ezinik. Ashasoryu, esaterako, sumoan nagusi izan zan hiru urtez, baina Sumo Alkarteagaz izan zituan desadostasunakaitik etxera bueltau zan. Ganera, polemikek eta ustelkeria kasuek sumoaren izena zikindu dabe, kirol hori aldatzeraino. Konturatu nintzan arrakastea ez dala gauza on bakarra, Japoniako bizimoduagaz ez nengoan pozik, esan eutsan Asashoryuk Al Jazeerari, ezinezkoa emoten ebana lortu eta gero: Urteko sei titulu garrantzitsuenak irabaztea.
Landa giroko bizimodua be ez da erraza, nomadek era guztietako zailtasunak daukiez eguraldiaren erruz, dino Ariunboldek. Horrek gazteak gogortu egiten ditu, sufrimendurako gaitasuna daukie eta japoniarrek galdu egin dabe hori bizi maila altuaren eraginez. Beraz, Mongolia herrialde pobrea dan artean, pobreziatik urteteko edozer egiteko prest dagozan gazteak egongo dira. Uste dot hori dala arrakastearen giltza ia edozein kirol modalidadetan, biribildu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!