Joseph Loseyren ganeko atzera begirakoa Donostiako Zinemaldian

Bizkaie! 2017-08-14 09:54   Zinemea

Sortzaile amerikarraren film luze guztiak proiektauko ditue.

Joseph Losey (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arte eta entsegu zinemearen edo autore zinemea dalakoaren ordezkari nagusietako bat izan zan Joseph Losey 1960ko hamarkadatik aurrera. Erreferente bihurtu diran hainbat pelikula zuzendu zituan: The Servant (1963), King and Country (1964), Accident (1967) eta The Go-Between (1971), besteak beste. Harold Pinter idazlearen gidoietan oinarritu zan film horreetako asko egiteko.

1909an jaio zan Estadu Batuetako Wisconsinen eta kazetaritzan eta irratigintzan ibili zan gaztetan. Aurrerago antzerkigintzeari ekin eutsan. Ezkertiartzat eukan bere burua eta, ondorioz, Sobiet Batasunean egonaldiak egin zituan. Bertold Brechtegaz sarri kolaborau eban. Film laburrak egiten hasi zan eta 1948an aurkeztu eban lehenengo luzea.

Dana dala, 1950eko hamarkadearen hasikeran arazoak izan zituan Loseyk AEBetako gobernuagaz. Komunismoaren aurka McCarthy senatariak hasitako kanpaineak bete-betean eragin eutsan. Hartara, Europara joan eta han bihurtu zan autore zinemearen ordezkari nagusietako bat. Britainia Handiko Free Cinema mobimenduaren eraginpean, ikutu errealista eta sozialeko filmak egiten hasi zan.

Alde batetik, personen eta erakundeen arteko hartu-emonaz hausnartzeko filmak egin zituan eta, bestetik, izar handien alboan errodautako lan komertzialagoak. Figures in a landscape film abstraktua Donostiako Zinemaldian egon zan 1970ean. 1980ko hamarkadara arte lanean segidu eban, 1984an hil zan arte, hain zuzen.

Donostiako Zinemaldiagaz izan zituan hartu-emonak gogoan, Joseph Loseyren atzera begirakoa antolatu dabe aurten. Bere 32 film luzeak eta aukeratutako sei labur ikusi ahal izango dira.

Era berean, Loseyren inguruko argitalpena be atondu dau Zinemaldiak. Quim Casas koordinatzaile dala, Espainiako eta Erresuma Batuko hainbat zinemagilek parte hartu dabe liburuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu