Jaietako egitaraua indartu dabe Bermeon
2017-08-11 12:30 KultureaAurrekontu handiagoa eta ekitaldi gehiago egongo da Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan, Udalaren arabera.
Abuztu bete-betean, jaiak dagoz Bizkaiko hainbat lekutan egunotan. Bermeon, ostera, irailera begira jarri dira eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako egitaraua aurkeztu dabe prentsa agerraldi baten. Idurre Bideguren alkatea, Aingeru Astui Kultura zinegotzia eta Jai Batzordeko eta txosnetako ordezkariak egon dira ekitaldian. Edade guztietako jentearentzako moduko egitaraua atondu dabela eta nobedade nagusia programazino indartua dala azaldu dabe.
Igaz baino aurrekontu handiagoa dabe jaiek eta ekintzak be gehiago dira, azpimarratu dau Bidegurenek. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra egingo dira baina irailaren 2tik herrian jai giroa egongo dala nabarmendu dau, Almikeko jaiak eta bestelako ekitaldi batzuk tarteko.
Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutakoak dirala, jai herrikoi eta parte-hartzaileak izatea lortzen dogu, dino alkateak. Horregaitik, Jai Batzordeko kideei eskerrak emon deutsez, urte guztian egindako lanagaitik.
Aurten, jaietako egun garrantzitsuenetako bi, Arrantzale Eguna eta Santa Eufemia, zapatuan izango dira eta, hortaz, giro izugarria egongo dala aurrikusi dabe. Egitarauari jagokonez, musikea, ikuskizunak, suziriak, azokea eta abar egongo dirala aitatu dabe antolatzaileek; Bermeoko taldeen emonaldia egongo da eta herriko 15 musika taldetako 20 musikariren artean sortutako Geuk Eusk abestiaren bideoklipa be aurkeztuko dabe.
Jai parte-hartzaileagoak eta herrikoiagoak antolatzeko asmoz, aldaketea egongo da txosnetan. Alkarte bakotxak bere txosnea ipini beharrean, bat eta bakarra egongo da, baina oso handia: 30 metro luze, 10 zabal eta aterpe eta guzti; euria danean be han egon ahal izango da jentea, busti barik.
Jaietako egitarauak irailaren 1etik aurrera egongo dira salgai, 1,20 euroan, Bermeoko turismo bulegoan eta Kultur Etxean. Udalak eta Jai Batzordeak ondo pasetako deia egin dabe eta herritarrei zein bisitariei mahonez jantzita joateko eskatu deutsie. Bermeotarrek jaiak bizi izateko daukien modu bereziaren enkantua be azpimarratu dabe. Amaitzeko, errespetuzko eta alkartasunezko jaiak aldarrikatu ditue eta, batez be, emakumearen askatasunaren alde egin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!